Espainiako Epidemiologia Elkarteak gutun baten bidez adierazi du Luis Angel Garridoren hitzak «onartezinak» direla, eta atzera egiteko eskatu diote. Epaile horrek zuzentzen du asteartean ostalaritza zabaltzeko baimena eman zuen EAEko administrazioarekiko auzietako sala. Bezperan, Bilboko Herri Irratian eginiko adierazpenetan, epidemiologoen lana gutxietsi zuen. Esan zuenez, adituok «ikastarotxo bat egin duten familia medikuak dira». Horrez gain, adituon aholkuari jarraikiz onartzen ari ziren neurriak «Erdi Aroan hartzen ziren» haien antzekoak direla gaineratu zuen.
Elkarteak adierazi duenez, epailearen hitzak «okerrak» eta «onartezinak» dira. Haren arabera, «ezjakintasuna eta mespretxua» adierazten dute. Epidemiologo izateak «bizi osoko formakuntza» eskatzen duela gogoratu diote, eta profesionalak atsedenik gabe lanean ari direla gaineratu dute. Eremu horretan dabiltzan pertsonen artean, sendagileez gain, botiketan, estatistikan, erizaintzan, soziologian eta psikologian adituak direnak ere badaudela esan dute, eta horietako askok masterrak eta bestelako formakuntza zehatza dutela. Azaldu dute neurriak ez dituztela adituok hartzen, baizik eta ardura politikoa daukatenek.
Epaileari «desinformazioa, gezurra eta albiste faltsuak» elikatzea leporatu diote.
«Suposa dezagun sexuaren bidez transmitituriko gaitzak %2.000 areagotzen direla», esan zuen Garrido epaileak irratsaioan. «Orduan, neu heltzen naiz, inguruko epidemiologo handia, eta esaten dut: oso erraz, egon zaitezte bi urtez sexu harremanik gabe, eta kurba jaitsiko da. Eta orain esatea birusa murrizteko etxean geratu behar duzula, inorekin hitzik ez egitea, antzerkira ez joatea... hori bazekiten Erdi Aroan».
Van Morrisonen kantua
Epailearen joeraren beste zantzua haren Whatsapp kontuan dagoela adierazi dute kritikoek azken orduotan. Izan ere, lelo gisa, No more lockdown (Konfinamendu gehiagorik ez) esaldia dauka jarrita. Van Morrison abeslari irlandarraren abesti bat da, konfinamenduan sortu eta grabatutakoa, eta agintariek ezarritako neurriak salatzen ditu. Besteak beste, honako ahapaldi hauek ditu:
Konfinamendu gehiagorik ez
Gobernuaren gehiegikeria gehiagorik ez
Gure bakea zapuzten
polizia faxista gehiagorik ez
Ez jarraitu gure askatasuna kentzen
eta Jainkoak emaniko eskubideak
Gure segurtasunaren aldekoa dela plantak egiten
gu esklabotzeko besterik ez denean
Musikaria murrizketa neurrien kontra mintzatu da hainbatetan, eta negazionisten ikur bihurtu da azken hilabeteotan. Ipar Irlandako Osasun sailburuak kantariaren aurka jo zuen: «Esaten ari dena arriskutsua da, eta jendea bultza dezake koronabirusa serio ez hartzera. Gehiago espero genuen harengandik».
Garridok adierazi du bera ez dela negazionista, eta aipamen hori daukala Whatsappeko soslaian, kantua gustuko duelako.