Gai bakarra izan dute gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran: 2021erako aurrekontuen behin betiko onespena. Ez da sorpresarik egon, eta EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baliatu dute aurrekontuei oniritzia emateko: aldeko 41 boto jaso ditu proiektuak, eta kontrako 34; oposizio guztiarenak.
09:30ean hasi da saioa, baina horren aurretik mintzatu da Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua, legebiltzarrera iristean. Nabarmendu du kontuen onarpenak modua emango duela COVID-19ak eragindako krisiaren aurkako jarduna indartzeko: «Espero dugu aurrekontuak onartzean are gehiago aktibatu ahal izatea Jaurlaritza gauzatzen ari den politikak».
Azpiazuk uste du aurrekontuen proiektuak «babes nahikoa baino gehiago» izango duela eta oposizioarekin ados jartzeko saio antzuak «iragana» direla: «Saiatu gara, eta ez da posible izan; orain, beste gai batera. Ikusiko dugu datorren urtean aukerarik ba ote dagoen adostasun zabalagoak lortzeko edo ez».
Legebiltzarreko eztabaidan, agerian geratu da gobernuko alderdien eta oposiziokoen arteko arrakala. Itxaso Berrojalbiz EAJko legebiltzarkideak aurrekontuen diru sail ugari xehatu ditu, eta oposizioko taldeei egin die galdera: «Uste duzue ez direla ausartak? Ez al dira onak aurrekontu hauek? Ados egongo zarete arrazoizkoak direla krisi honi aurre egiteko». Gaineratu du EAJk ezezkoa eman diela zuzenketei, «baina argudioekin», eta azaldu aurrekontuak «prebisio batekin» egin direla: «Horrek ez du esan nahi moldatu ezin direnik. Baina EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk beren arrazoi nagusiari heltzen diote oraindik: «Gastu gehiago eta aberatsentzako zerga gehiago». Denok nahiko genuke baliabide gehiago, baina lehentasunak jarri behar dira».
Zenbakiekin bezainbeste, Jaurlaritzaren portaerarekin kexatu da EH Bildu. Josu Estarrona legebiltzarkideak nabarmendu du oposizioko talde guztiek denera 1.289 zuzenketa aurkeztu dituztela, EH Bildurenak «egingarriak» direla eta «planteamendu errealistak» aurkeztu dituztela, eta guztiei ezezkoa emateak «beste sintoma bat» adierazten duela: «Argi izan duzue hasieratik ez zenutela ahalegin handirik egingo gehiengo absolutua izanda». Gaineratu du «asteak pasatu ahala, ageriago» geratu dela Jaurlaritzak ez duela asmorik izan akordioetarako edota «oposizioari erabaki espazioetan leku txikiena» eskaintzeko: «Gaur, arlo parlamentarioan, gobernuak irabaziko du, baina jendeak galduko du: abenduan aurrekontu ez-nahikoak ziren, urtarrilean zaharkituak eta otsailean iraungiak».
Sonia Perezek (PSE-EE), ordea, akordiorik ezaren ardura oposizioaren bizkar utzi du, ordea. Elkarrekin Podemos-IUri erantzun dio: «Jaurlaritzaren eskaintza eskuzabala eta bideragarria zen, errealista. Saiatu gara, uste dugulako egoerak eskatzen duela maila ematea». Perezek uste du aurrekontuak «hobetu edo indartu» zitezkeela oposizioko alderdien babesarekin.
«Koma txiki bat aldatu gabe»
Elkarrekin Podemos-IU koalizioko bozeramaileek ere kritika politikoak eta ekonomikoak uztartu dituzte. Miren Gorrotxategik (Ahal Dugu) nabarmendu du aurrekontu proiektua legebiltzarrean «sartu zen bezala» aterako dela: «Koma txiki bat aldatu gabe, ahaleginik egin gabe». Halaber, aurrekontuen jite ideologikoa arbuiatu du, iritzita politika publikoetarako helburuak «hondarrekoak» direla: «Garrantzitsuena defizit helburua da. Kontabilitate xedeak jartzen dituzue zibilizazio mailako erronkei erantzuteko». Formekin kexu Jon Hernandez (Ezker Anitza) ere: «Esaten da denok elkarrekin arraun egin behar dugula, baina honek, traineru bat baino gehiago, galera erromatar bat dirudi: batzuek arraun egiten dute, beste batzuek erritmoa ezartzen dute eta gutxi batzuek brisaz gozatzen dute».
Jaurlaritza osatzen duten alderdien jokabidearekin kritiko azaldu da Luis Gordillo PP+C’s koalizioko legebiltzarkidea ere; gehiengo absolutua izanik, «harrokeriaz» jokatzea leporatu die, eta «proposamenak entzuteko garaia» zela: «Horrek ez du ezer ilegitimotik; gobernuak egin dezake, baina gero ez egotzi oposizioari aurrekontuei atxikimendurik ez ematearen ardura». Era berean, aurrekontuen onarpena «marmotaren egunarekin» alderatu zuen, Jaurlaritzak urtero «diru sail berdinak edo oso antzekoak» aurkezten dituelakoan: «Ez zaudete gobernatzera ohituak, administratzera baizik».
Eskubideen Kartaren protesta
Hori, Eusko Legebiltzarraren eraikin barruko eztabaida. Kanpoan, berriz, Euskal Herriko Eskubideen Kartak protesta egin du parlamentuaren aurrean, salatzeko 2021erako aurrekontuek «bizkarra» ematen diotela herritarren gehiengoaren beharrei eta «errealitatetik kanpo» daudela, iritzita ez dituela «nahikoa» neurri jasotzen COVID-19aren izurriari erantzuteko. Ondasunak banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu. Lehenik bizitza lelopean elkartu dira, besteak beste, Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak.
Lakuntzak azaldu du protestaren helburua dela «haserrea eta desadostasuna» adieraztea aurrekontu proiektua dela-eta, uste baitute «ezer gertatuko ez balitz bezala» prestatutakoak izan direla. Aranburuk, berriz, uste du gaurko argazkiak islatzen duela «momentuko krisi politikoari eta pandemiaren kudeaketari eman beharreko erantzunetan bi eredu kontrajarri daudela». Haren hitzetan, «bizitza erdigunean jartzea» aldarrikatu du Eskubideen Kartak, eta «patronalaren mesedetan» aritzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri.