Bozak Ipar Euskal Herrian

Departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeak ekainera arte atzeratu dituzte

Martxoan ziren iragatekoak Ipar Euskal Herrian, baina ekainera arte atzeratzea onartu du Frantziako Asanbleak. EH Bai departamenduko hauteskundeetara aurkeztuko da; eskualdekoetara, berriz, ez.

2015eko departamenduetako bozak Ipar Euskal Herrian. ISABELLE MIQUELESTORENA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko otsailaren 10a
15:31
Entzun

Egoera sanitarioak ez du biderik ematen departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeak martxoan egiteko. Hala erabaki zuen atzo arratsean Frantziako Asanbleak, eta, beraz, ekainaren 13an eta 20an egingo dituzte lehen eta bigarren itzuliak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko eta Akitania Berriko eskualdeko hauteskundeak 2015ean iragan ziren azkenekoz. Lurraldeen Notre erreformaz gero eginiko departamenduetako eta eskualdeetako lehen hauteskundeak izan ziren ordukoak. Izan ere, Frantziako Gobernuaren erreformak departamenduen konpetentziak aldatu zituen, eta Frantziako Estatuaren menpe diren eskualdeak aldatu zituen. Aurtengo hauteskundeak, beraz, Notre erreformaz geroko bigarrenak izango dira.

Egoera sanitarioa ikusirik, kanpaina egiteko manera egokitu dute diputatuek. Hemeretzi egunekoa izanen da salbuespenez, usaian hamabi egunekoa baita. Bestalde, herritar bakoitzak bi ahalorde jasotzen ahalko ditu, zaurgarri direnak bozkalekuetara ez joan behar izateko. Azkenik, doako telefono zenbaki bat ezartzen ahalko dute plantan hautagaiek.

2015ean bezala, EH Baik hautagaiak aurkeztuko ditu Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hauteskundeetara. Ipar Euskal Herriko kantonamendu guzietan hautagaiak aurkezteko helburua du, eta koalizioko kideekin ari da lanean hautagaitzak ixteko. Kantonamendu bakoitzeko bi kide aurkeztu behar dira: emakumezko bat eta gizonezko bat. Bi itzulitan iraganen dira hauteskundeak, eta departamendu kontseiluko hautetsiak hautatzeko balioko dute. 2015ean Jean Jacques Lasserre (Modem) izendatu zuten departamendu kontseiluko lehendakari. Aurten berriz aurkezteko gogoa erakutsi du Lasserrek. Departamenduaren eskumenak hauek dira, besteak beste: kolegioen kudeaketa, eskumen sozialak, garraioak, lurralde antolaketa, eta kultura eta kirola.

Eskualdeko hauteskundeetara, berriz, ez da aurkeztuko EH Bai. Akitania Berriko Eskualdeko hautetsiak izendatzeko balioko dute hauteskunde horiek. 2015ean, EH Baik zuri bozkatzera deitu zuen. Aurten, ez du boz kontsignarik emanen. 2015etik Alain Rousset da Akitania Berriko eskualdeko lehendakaria, eta aurten berriz aurkeztuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.