Adierazpen bateratu bat plazaratu dute Euskaltzaindia, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia Galega akademiek, eta hizkuntzek eskoletan izan beharko luketen presentziaren inguruko iritzia eman dute aditzera. «Berriz ere sortu da eztabaida publikoa hizkuntzek hezkuntza sisteman duten presentziaren gainean», eta, haien arabera, «berezko hizkuntza era ofizialean onartua duten erkidegoen hezkuntza sistemaren hizkuntza araudia erkidego horietako bakoitzaren eskumen esklusiboa da». Gogora ekarri dute horrek bat egiten duela Espainiako Estatuan dagoen autonomia printzipioarekin.
Hiru hizkuntza akademien arabera, hizkuntza araudi horiek modua eman beharko lukete lurralde bakoitzean euskararen, katalanaren eta galegoaren gaitasuna gaztelaniaren parekoa izateko. Hau da, lekuan-lekuan, bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzea. «Ikerlan eta ebaluazio fidagarrienek, bai eta katalana, euskara edo galegoa berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoetan egin diren askotariko esperientziek frogatu dutenez, hizkuntza horien etorkizuna normaltasunez ziurtatu nahi bada, katalanak, euskarak eta galegoak presentzia sendoa behar dutela hezkuntza-sisteman eta horrek ez diola orain arte inolako galerarik ekarri gaztelaniaren jakintzari, ezta hemendik aurrera ekarriko ere». Areago, azaldu dutenez, gaztelania jakiteko helburua «osoki bemartuta dago aplikatu diren askotariko hizkuntza ereduetan». Kontrara, nabarmendu dute eredu horiek ez direla aski izan euskararen, katalanaren eta galegoaren jakintza bermatzeko.
Hiru akademiek gogora ekarri dute, azkenik, botere publikoen erakunde aholku emaile ofizialak direla, eta eskaera egin die estatuko erakundeei eurei ere kontsulta egin diezaien. «Nahi genuke eztabaida publiko informatu eta arrazoizko baten parte izatea, estatu espainiarreko hizkuntza erkidegoen eta hizkuntzen artean elkarri begirunea izateko eta haien arteko bizikidetza errazteko. Izan ere, estatu espainiarrak hizkuntza-aniztasuna gorde eta sustatu beharreko aberastasun moduan hartu beharko luke, ez ezabatu beharreko arazo moduan».