Lasarte-Oriako, Tolosako eta Soraluzeko udalek egindako adierazpenei jarraipena eman diete gaur Hego Euskal Herriko sindikatuek. ELAk, LABek, CCOOk, UGTk, Steilasek, ESK-k, Gipuzkoako eta Nafarroako EHNEk, Etxaldek, Hiruk, CGTk eta CNTk onarturiko testu batean, «garrantzitsutzat» jo dute udaletan alderdi politikoek lorturiko akordioa, eta «urruntze politikaren testuinguruan trafiko ezbeharretan hildako hamasei pertsonaren familiek jasandako sufrimenduaren aitorpena» egin dute haiek ere, heriotza horiek «Espainiako Estatuko hainbat presondegitara urrun dagoen preso bat bisitatzera zihoazenean edo itzultzen ari zirenean» gertatu zirela azalduta.
Era berean, «desadostasuna» adierazi dute «urrunketaren espetxe politikarekin», «Espetxeko Lege Orokorraren gizarteratze printzipioei jarraituz, askatasuna kentzeko zigorra dutenen deserrotzea ekiditeko». ETAren behin betiko amaieraren ondoren «ireki den garai berriaren barruan», espetxe politika berri baten beharra aldarrikatu dute, «zigortuak zigorra errotze sozial eta familiarretik gertu betetzea ahalbidetzen duena, horrela haien senideekin duten harremana erraztuz eta adingabeko seme-alaben eskubideak defendatuz, haien ongizatea bermatzeko».
Sindikatuen ustez, senide eta lagunei ezartzen zaien «zigor gehigarria» da urruntzea, eta espetxe politika hori «premiaz amaitzeko eskaera» egin dute, «hamasei heriotza horien antzeko gertaera tragikoak berriro gerta ez daitezen». Adierazpenaren izenpetzaileen hitzetan, «legedi arrunta eta normalizatutako espetxe politika bat aplikatuz, beste neurri batzuekin batera, presoen arazoari erantzun bat ematea elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko kontuan izateko ekarpena litzateke».