URRIAREN 12A

Kritika politikoa isilarazi nahia salatu dute deklarazioen lehen egunean

Urriaren 12an Iruñean egindako ekintza batengatik Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen hasi dira Nafarroako hamabi gazte. Elkarretaratze jendetsua egin dute Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aitzinean, handik ari baitira deklaratzen, modu telematikoan. Madrilen ere elkarretaratzea egin dute, elkartasunez.

Iruñean egindako elkarretaratzea, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 9a
11:41
Entzun

«Kritika politikoaren eta adierazpen askatasunaren kontrako eraso bat da gu deklaratzera deitzea». Halaxe adierazi dute Lur Albizuk eta Unai Ekizak gaur Iruñean egindako elkarretaratzean. Adierazpen askatasuna zioen pankarta baten gibelean elkartu dira dozenaka herritar Albizuri, Ekizari eta bertze hamar gazteri elkartasuna adieraztera. Izan ere, gaur hasi dira gazteak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen, Espainiako koroaren aurkako delituak leporatuta. Joan den urriaren 12an Iruñean egindako ekintza sinboliko bat dago auzibidearen oinarrian, eta horixe bera azpimarratu dute gazteek mobilizazioan: «ekitaldi sinboliko bat» baino ez zutela egin, «78ko erregimena botatzearen irudikapen bat». Ekitaldirako beren-beregi eraikitako Felipe VI.a Espainiako erregearen estatua bat eta Kristobal Kolonen bertze bat eraitsi zituzten egun hartan, jendetza artean. «Oso gogorra da Espainiako Auzitegi Nazionalera joan behar izatea kritika politikoa egiten duten ekimen batzuengatik».

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aitzinean egin dute elkarretaratzea, handik deklaratuko baitute gazteek egunotan, modu telematikoan, Espainiako Auzitegi Nazionalera. Gaur, bihar eta ortziralean deklaratu beharko dute hamabi gazteek. Protestaren bukaeran eskerrak eman dizkiete atxikimendua adierazi duten eragile politiko, sozial eta sindikalei, anitz izan baitira babesa eman dietenak: «Oso polita izan da jaso dugun elkartasun guztia». Halaber, salatu dute haien aurkako auzibidea «eskandalu» bat izan dela hasieratik, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak abiatu baitzuten ikerketa, «inork eskatu gabe».

«Aurrera jarraituko dugu»

Gazteek adierazi dute ez dakitela auzibideak zein norabide hartuko duen, baina gauza bat argi dute: «Aurrera jarraituko dugu». Izan ere, ongi dakite, jakin, gazteei «beldurra eragitea» dela deklaratzera deitzearen helburua: «Baina guk jarraituko dugu adierazpen askatasuna defendatzen».

Madrilen ere elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen ari diren gazteei elkartasuna adierazteko. Adierazpen askatasuna galdegin dute han ere.

Madrilen elkarretaratzea egin dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalaren aitzinean. BERRIA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.