Jaurlaritzak kargutik kendu du itxiera perimetrala hautsi duen Labiko kidea

Ibon Etxeberria Bilboko etxebizitzatik Laukarizko golf klubera joan zen igandean (Mungia, Bizkaia), bi hiriak gune gorrian egon arren. Jaurlaritzak adierazi du ez datorrela bat hark arauaz eginiko interpretazioarekin.

Ibon Etxeberria Olañeta, LABIko kidea. IREKIA
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 9a
08:24
Entzun

Ibon Etxeberria Olañeta Labiko kide eta Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria kargutik kenduko duela adierazi du Jaurlaritzak. Labi taldeko —Eusko Jaurlaritzari izurriaren kontrako neurriak proposatzen dizkion horrexetako— kideak itxiera perimetrala hautsi zuen joan zen igandean, golf klub batera joateko.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri du neurria, gaur, asteartea, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Sagarduik esan duenez, Etxeberriak emaniko arrazoiak ez datoz bat «arauaren espirituarekin». Herrien arteko joan-etorriak debekatzen dituen dekretuko «letra txikia» interpretatzeko orduan irizpide ezberdinak egon balitezke testuaren erredakzioa berrikusi beharko dela adierazi du, baina arau horren helburua eztabaidaezina dela erantsi du segidan: herrien artean mugikortasuna txikitzea. «Ez gaude ados [Etxeberriak] arauaz egin duen interpretazioarekin, eta, horregatik, kargutik kenduko dugu zuzendari hori».

Etxeberria Bilbon bizi da, eta Mungiara joan zen, Laukarizko golf zelaira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, norbere herritik ateratzeko debekua ezarrita dago, eta, horrez gain, Bilbo eta Mungia gune gorrian daude, 500 kasu baino gehiago antzeman dituztelako 100.000 biztanleko. Horietan, ostalaritza erabat itxita dago, eta eskola kirola, galarazita. El Correo egunkariak kaleratu du informazioa, eta Jaurlaritzak, hasieran, defendatu egin du Etxeberria, adierazi baitu kanpoan egiten diren jarduerak baimenduta daudela.

Etxeberriak Vocentoko kazetari esan dio korrika egitera joan zela golf zelaira, eta ez zuela araurik hautsi, badelako astebete Jaurlaritzaren Zuzenean arreta ataria baietz erantzuten ari dela galdetzen diotenean gune gorrian dauden herrietara joaterik ba ote dagoen kanpoan kirola egitera. Halere, onartu du agiri ofizialetan oraindik ez dutela irizpide hori eguneratu.

BERRIAk, ordea, galdera egin du Zuzenean zerbitzuan, eta erantzun argia jaso du: ez, ezin da norbere udalerritik atera jarduera fisikoa aire zabalean egiteko. Jaurlaritzak berak urtarrilaren 25ean argitaraturiko jarraibideetan argi adierazi du ezin dela mugitu gune gorrian dauden herrien artean, ezta kanpoan kirola egiteko ere. Horrela diote jarraibide horiek, hitzez hitz: «Udalerri mugakideen  arteko  joan-etorriak  egin  daitezke  banakako  gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko? Ez.».

Larrialdietako burua eta ertzainburu bat

Etxeberriaren kasuak gogora ekartzen du Jon Sanchez Osakidetzako osasun larrialdietako buru ohiarena. Iazko apirilean, etxeko konfinamendu zorrotza ezarrita zegoenean, Sanchez salatu zuten, konfinamendua hautsi eta bigarren etxebizitzara joan zelako.

Nekane Murga orduko Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan zuen Sanchezek adierazi zuela «arrazoi justifikatuak» zituela bigarren etxebizitzara joateko, Castro Urdialesera (Espainia). Baina Murgaren erantzunak ez zituen gogobete oposizioko alderdiak, eta gutxiago sindikatuak.

Sanchezek maiatzaren hasieran aurkeztu zuen dimisioa. 2019ko urtarrilaren 2an hartua zuen kargua. Aurrez, Bizkaiko Batzar Nagusietan diputatu eta Bilboko Udaleko zinegotzi izan zen, EAJrekin. Osasun larrialdien berrantolaketak eragindako krisian ailegatu zen orain zuen postura.

Josu Erkoreka Jaurlaritzaren eledunak orduan esan zuenez, Sanchezek ez zien gertatutakoaren berri eman Osasun Saileko buruei.

2020ko maiatzean, berriz, ertzainburu bat salatu zuten konfinamendua hausteagatik. Sestaoko ertzain etxeko poliziaburua ere Castro-Urdialesen geratu zuten, gaixoaldian zegoela, eta auto ofizialarekin. Espedientea ireki zioten, Segurtasun Sailak azaldu zuenez. Ertzainburuak argudiatu zuen Castro duela bizileku, baina ez zegoen han erroldatuta.

Txertoen aferaren harira, beste bi dimisio

Urtarrilaren amaieran, Eduardo Maiz Bilboko Basurtu ospitaleko zuzendariak eta Jose Luis Sabas Santa Marina erietxekoak dimisioa eman behar izan zuten, Osakidetzak ezarritako protokoloa bete ez eta COVID-19aren aurkako txertoa jarri zutelako, ez zegokienean, eta irizpideetan zerrendatutako beste arrisku talde batzuen aurretik.

Jose Luis Sabas Bilboko Santa Marina ospitaleko buru ohiak orduan esan zuen Osakidetza txertaketen jakitun zegoela, eta dimisioa «mehatxuengatik» aurkeztu zuela. Osakidetzako arduradunei abisatu zien ospitalean «txertaketa jendetsu bat» egingo zutela, COVID-19ak bertan eragin handia izan zuela erantsita, eta sailetik oniritzia eman ziotela, eta, besteak beste, Sagardui sailburuarekin ere hitz egin zuela. «Ez dugu ezer txarrik egin», adierazi zuen. «Etikoki ere ez. Ospitale bateko zuzendariek beste edozein langilek adina aukera dute kutsatzeko».

Maizek barkamena eskatu zuen: «Noizbait zerbaitetan akats egin badut».

Sagarduik nabarmendu zuen protokoloak «argiak eta zorrotzak» zirela. Hala ere, geroztik oposizioko alderdiek behin baino gehiagotan eskatu diote kargua uzteko Osasun sailburuari. Iñigo Urkullu lehendakariak haren jarduna defenditu du, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.