Europako Batasunak 2030erako helburu gisa jarri du kontsumitutako energiaren %32ak «autosortua» izan behar duela, eta, xede hori lortzeko bidean, herritarrak inplikatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Ekiola sozietatea eratu dute EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldeko Krean erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan zein eskualdeetan energia arloko kooperatibak bultzatzeko asmoz. Sozietate horrek autokontsumorako 1-1,5 MWh ekoizteko gai diren eguzki parke txikiak bultzatuko ditu, eta kooperatiban biltzen diren herritarrak izango dira haren jabe, ekoizle zein kontsumitzaile.
«Ez da soilik ekimen publiko pribatua, baizik eta gizartearen parte hartzea bilatzen du, gizartea bera jartzen du erabakien muinean. Ekoizten den energia, zero kilometrokoa da, hurbil-hurbilekoa», iragarri du Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak Txillida Lekun egin den aurkezpenean. Harekin batera izan dira Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburua, Iñigo Uzin Mondragon taldeko lehendakaria eta Jon Berbel Krean erakundeko zuzendari nagusia. Halaber, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea ere aurkezpenean izan da.
Ansolaren arabera, Ekiolaren sorrerarekin lehen urratsa baino ez da egin, eta hark bultzatutako proiektu zehatzen berri emango dute datozen asteetan. Azpeitian egitasmo bat «aurreratuta» dago, eta, halaber, Arabako eta Gipuzkoako aldundiekin elkarlanean ari dira proiektu gehiagoren inguruan.
Kooperatiben xehetasunak
Jon Barbel Krean erakundeko zuzendariaren arabera, Ekiolarekin «jauzi kualitatiboa» egin nahi dute, trantsizio ekologikoaren bide luzean herritarrak inplikatzeko eta energia arloan ahalduntzeko asmoz. «Ezinbestekoa da herritarren konpromisoa». Aldez aurretik egindako ereduaren arabera, energia kooperatiba horietan gutxienez 300 lagun eta gehienez 500 pertsona elkartuko dira. Eguzki plakak ezarriko dira, eta 1 MW eta 1,5 MW ekoizteko ahalmena izango dute.
Hori errealitate egiteko, kooperatiba bakoitzak hektarea bat zoru beharko du, teknikoki «proiektu bideragarria eta eraginkorra» izan beharko du, eta finantzaketa irtenbide egoki bat izan. Hori guztia bideratzeko, Jaurlaritzak, Europako Batasunak edo aldundiek ezarritako laguntza mota desberdinak jasotzeko aukera izango dute.