Kanpaina politiko betean daude Katalunian. Ez dago argi zein izango den bozen osteko panorama politikoa, eta alderdi guztiak euren liderren inguruan babesak bildu nahian ari dira. EH Bilduk ERC babesteko eskatu du —azken urteetako norabide berean—, eta asteburuan errepublikanoek egin duten ekitaldi batean izan da, besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Katalunian izan dira Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Pablo Iglesias presidenteordea ere, PSC eta En Comu Podem babesten, hurrenez hurren.
Otegik, Gironan, EAEko egoerarekin alderatu du Kataluniakoa. Inkesten arabera, Salvador Illa PSCren hautagaia da bozak irabazteko faboritoa, baina ikusteko dago norekin egingo duen bat. Otegik argi du: «Guk esperientzia dugu sozialisten eta eskuinaren arteko aliantza horietan, eta Illak Espainiako eskuinarekin bat egiteko aukera badu, hala egingo du, ez izan zalantzarik; euren helburua nagusia zuek independentziarako bidea egiten ez jarraitzea da». Horregatik eskatu du bozkatzera joateko, sozialisten eta «eskuinaren» arteko gehiketa hori posible ez izateko.
Hauteskunde kanpainaz gain, «Kataluniako herriak azken urteetan egin duena» goraipatu du Otegik: «Egin duzuena eta egingo duzuena kolosala da». EH Bilduko idazkari nagusiaren iritziz,« Kataluniakoa XXI.mendeko iraultza demokratikoa da, eta, kontraesanak izatetik salbu ez dagoen arren, bikaina da».
Voxi buruz ere jardun du, haren hitzetan, «Companys fusilatu zuen berberak». Abascalen alderdiak Kataluniako bozetan gora egin dezakeela dirudi, eta hori kezkagarria dela uste du EH Bilduk: «Dena den, gerra bat galdu eta 40 urteko diktadura baten ostean oraindik hemen gaude gu, eta hori da beraien porrota».
Estos son los que un día pasaron ante “el no pasarán”. Son estos los que fusilaron a Companys.
— Arnaldo Otegi 🔻 (@ArnaldoOtegi) February 7, 2021
Se equivocan. Los que estamos aquí somos nosotros 40 años después. Y esa es su derrota.
pic.twitter.com/qmFFUnBb5q
Asteburuko beste albisteetako bat, zehazki, Voxen ekitaldiek utzi dute. Katalunian izan dira Santiago Abascal eta Javier Ortega Smith alderdiko buruzagiak, eta bien agerraldietan izan dira istiluak Mossoen eta manifestarien artean, Salten (Girona) eta Vallsen (Tarragona). Voxek salatu du manifestariek zenbait gauza jaurti zizkietela, eta Mossoek haiek babestu zituztela «agindu politikoengatik»: «Badakit Mosso horiek, berez, jende zintzoa direla».
Bestalde, gaur arratsaldean, Sortuko Arkaitz Rodriguezek CUPek antolatutako mahai inguru batean hartuko du parte, Internet bidez.
PSC eta En Comu Podem, aldenduta
Otegi eta Abascal bezala, Gironan izan da Pedro Sanchez Espainiako presidentea ere, Salvador Illa PSCren hautagaiarekin. PSOEko buruak Kataluniako Generalitateak azken urteetan izandako ibilbidea gogor kritikatu du, eta gaitzetsi egin du 2017ko urrian «inoiz posible izango ez den independentzia» aldarrikatu izana.
Alderdi subiranisten diskurtsoa gutxietsi du Sanchezek: «Independentistentzat, bozetan jokoan dagoena da bihar independentzia aldarrikatzea edo ez, baina eurek ere ez dute sinisten hori posible denik. Eta eskuin muturrarentzat, berriz, kontrakoa: Espainia salbatzea dago jokoan. Haiek ere ez dute sinisten hala egingo dutenik», gehitu du. PSOEko buruarentzat, berriz, jokoan dagoena da fase berri batean sartu eta indarrak jartzea Kataluniako ekonomiaren berreskurapenean eta elkarbizitzan.
Pablo Iglesias Unidas Podemosek idazkari nagusia, berriz, Katalunian posizio propio bat eraiki nahian dabil azken egunetan, PSOEren ikuspuntutik aldenduz. Asteburuan Santa Coloma de Gramaneten (Katalunia) izan zen Jessica Albiach En Comu Podemen hautagaiarekin, eta gaur, adibidez, aitortu du Espainian ez dagoela normaltasun demokratikorik, «izan ere, Kataluniako Gobernuan dauden alderdietako buruzagi bat Bruselan dago, eta bestea kartzelan».
Hala, joan den astean Arantxa Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministroak egindako adierazpenekin ez dator bat Iglesias: «Katalunian gertatzen dena epaileek eta Poliziak konponduko dutela uste duenak ez du azken 200 urteetako Espainiaren historia ulertzen».
Emaitzak atzeratzeko plana
Kataluniako Gobernua bozetako emaitzen plazaratzea atzeratzeko plan bat prestatzen ari da. Arazoak dituzte zenbait mahai osatzeko, eta, lortzen ez badute, litekeena da milaka lagunek bozkatzeko arazoak izatea. Kasu horretan, emaitzak hauteslekuak itxi eta 48 ordura emango lituzkete.
Gobernuak adierazi duenez, ez dute uste hori gertatuko denik, baina badaezpada ere ari dira plana prestatzen.