Osasuna 2-1 Eibar

Osasuna azken-azkenean gailendu zaio Eibarri

Budimirrek 87. minutuan sartutako golak eman die garaipena gorritxoei, eta nafarrak irten egin dira sailkatzeko postuetatik. Eibar haietatik gertu dago.

Osasunako jokalariak, atzo, Sadarren, Budimirren gola ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko otsailaren 8a
09:10
Entzun

Ezinbesteko hiru puntu Osasunarentzat; porrot mingarria Eibarrentzat. Hori da bi taldeek Sadarren jokatu duten partidak utzitakoa. Mailaz ez jaisteko borrokan dabiltza bi taldeak, eta atzokoa, derbia izateaz gain, zuzeneko bi aurkariren norgehiagoka zen. Izan ere, garaipenari esker, Osasunak sailkapenean aurrea hartu dio Eibarri; 22 puntu dituzte nafarrek, eta 20 gipuzkoarrek.

Beharrak baldintzatutako lehia izan da. Ez zuten behar baino gehiago arriskatu bi taldeek, zuzeneko jokoa hautatu zuten bi entrenatzaileek, eta, amaitzeko minutu gutxi falta zirela, bazirudien neurketa berdinketara kondenatua zegoela. Amaiera hori, ordea, Ante Budimirrek eragotzi zuen, 87. minutuan: Roberto Torresek erdiraketa ona jarri zuen, Adrianek buruz luzatu zuen, eta Budimirrek, ahal bezala, sareetara bidali zuen baloia. Aurrelari kroaziarrak gorritxoentzako garrantzi izugarria duen gola sartu zuen, eta ospatu ere hala ospatu zuten Osasunako jokalariek. 

Beste bi golak lehen zatian sartu zituzten. Osasunak sartu zuen lehenbizikoa, 17. minutuan; Jonathan Callerik bikain errematatu zuen Manu Sanchezen erdiraketa bat. Atsedenaldiaren aurretik, ordea,  Kike Garciak beste hainbeste egin zuen, eta modu ikusgarrian amaitu zuen Bryan Gilen jokaldi bat. Arriskuaren sinonimo da Gil eta Garcia elkartzea.

Azkenean, Sadarren geratu ziren bi puntuak, Osasuna sailkapeneko 15. postura igo da, eta jaisteko postuetatik irtetea lortu du. Oraindik ez dago haietan Eibar, baina ozta-ozta: armaginak 17. daude sailkapenean, Valladolidekin berdinduta, hura ere jaisteko postuetan baitago. 

Osasuna: Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Sanchez; Sanjurjo (Moncayola 62. min), Torro, Barja (Torres, 62. min), Ruben Garcia (Iñigo Perez, 89. min); Calleri (Adrian, 70. min) eta Budimir (Gallego, 89. min).

Eibar: Dmitrovic, Arbilla, Oliveira, Bigas (Burgos, 45. min), Soares; Recio (Diop, 73. min), Exposito (Quique, 90. min), Muto, Bryan Gil; Enrich (Pozo, 73. min) eta Kike Garcia (Sergio Alvarez, 85. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.