'BATERAGUNE AUZIA'

Demokrazia Baik oldarraldi antidemokratikotzat jo du 'Bateragune auzia' berriro epaitzea

Egitasmoaren ustez, «kontzientzia demokratikoa daukan inork ezin dio entzungor egin oinarri demokratikoen aurkako zuzeneko eraso honi, ez eta Europako esparru judizialaren aurkako adarkadari ere».

Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon olano
2021eko otsailaren 5a
16:31
Entzun

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Bateragune auziko epaia baliogabetzat jo bazuen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak aurrez inoiz hartu gabeko erabaki bat hartu zuen Europako ebazpenaren ostean: epaiketa berriz egiteko agindu zuen. Gorenak aho batez hartu zuen erabaki horri helegitea jarri dio Bateragune auziko defentsak Auzitegi Konstituzionalean, argudiatuta pertsona bat ezin dela  bi aldiz epaitu ekintza batengatik, eta, Europako Auzitegiak emandako ebazpenean esaten zuen gisan, epaiketa berriz egitekotan auzipetuek beraiek eskatu behar dutelako hori.

Argudio horiekin bat egin du Demokrazia Bai plataformak: «Lege oinarria argia da. Non bis in idem, hau da, gertakari bera ezin da birritan zigortu. Horregatik, ez dator zuzenbidearekin bat Bateraguneko auzipetuak berriro epaitzea». Egitasmoa babesten dutenek ohar batean adierazi dutenez,  Manuel Marchena Auzitegi Goreneko buruaren ekimen «zesaristak» ez die eragiten «auzipetuei eta haien inguru politiko jakinari bakarrik», eta «Europako esparru judizialaren aurkako erronkatzat» jo dute: «Kontzientzia demokratikoa daukan inork ezin dio entzungor egin oinarri demokratikoen aurkako zuzeneko eraso honi, ez eta Europako esparru judizialaren aurkako adarkadari ere».

Euskal testuinguruari erreparatuta, Demokrazia Baik uste du onartezina dela, bakea eraikitzeko sasoian, «probokazio» baten bidez  «iraganeko garaiak» berpiztu nahi izatea: «Dirudienez, aipatu auzitegiak estaturik gabeko nazioak suntsitzea du zeregin, nazionalismo espainol harroputz eta baztertzailetik abiatuta. Katalunia eta Euskal Herria txandaka hartzen gaituzte zartakoen zakutzat».  

Horrenbestez, beharrezkotzat jo dute «egoerak eskatu duen bakoitzean ongi funtzionatu duten herri baliabideak» aktibatzea, «alderdi desberdintasunen eta bestelakoen gainetik», eta dei egin du «oldarraldi antidemokratikoa» geldiaraztera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.