EUSKAL PRESOAK

Kalean da Antton Troitiño, azkenean

Ia hilabete bat igaro da aske utziko zutela lehen aldiz iragarri zutenetik. «Eritasun larri eta sendaezin» bat duelako utzi dute aske, baldintzapean. Etxerat-ek luzamendua salatu du, eta «besarkada estuena» helarazi nahi izan die senideei: «Espero dezagun haren gaitza duintasunez eta bermez tratatuko dutela hemendik aurrera, bere senideengandik hurbil dagoelarik».

Antton Troitiño, ezkerrean, Estremerako espetxetik atera berritan, gaur. ETXERAT
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 5a
11:22
Entzun

Urtarrilaren 11n sinatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak Antton Troitiñori hirugarren gradua emateko autoa, eta urtarrilaren 22an irmo egin zuten ebazpena. Ondoren baldintzapean aske uzteko eskatu zuten Espainiako Espetxe Erakundeek, ordea: Espainiako Auzitegi Nazionalak urtarrilaren 26an onartu zuen baldintzapean aske uztea, eta fiskalak helegitea jartzeko aukera izan duen azken egunera arte itxaron dute ebazpen hori ere irmo egiteko. «Labirinto burokratikoa» salatu du Etxerat-ek, aldaketek luzatu baino ez dutelako egin larriki eri den euskal presoa askatzeko eguna: Troitiño gaur atera da Estremerako espetxetik (Espainia), azkenean.

Etxean ere ez du bide erraza aitzinean, dena den. Izan ere, «eritasun larri eta sendaezina» du, Etxerat-ek eta Espainiako Auzitegi Nazionalak berak jakinarazi dutenez, eta horri hobeki aurre egiteko utzi dute aske. Joan den astean, gainera, euskal presoak uko egin zion haren eritasunarentzat «aringarria» den kimioterapia hartzeari. Etxerat-ek salatu zuenez, izan ere, hartu behar duen tratamendua ez da «bideragarria» espetxeko baldintzekin: «Baldintza desegoki eta gogorretan dago presoa: ordu eta erdiko ibilbidea egin behar du ospitalera joateko eta beste horrenbeste bueltatzeko, ez du dieta egokirik hartzen, eta medikazio falta du», salatu zuen joan den astean elkarteak. «Besarkadarik estuena» eta «babes osoa» helarazi die gaur Etxerat-ek senide eta hurbilekoei: «Espero dezagun haren gaitza duintasunez eta bermez tratatuko dutela hemendik aurrera, bere senideengandik hurbil dagoelarik».

2020ko apirilean sumatu zituen Troitiñok eritasunaren lehen sintomak, eta euskal presoen senideen elkarteak salatu zuen orduan ere ez zutela ongi artatu. Elkartearen arabera, Estremerako espetxean ez dago mediku nahikorik, eta bakartze moduluetatik ez dira astero pasatzen, «legeak hala dioen arren». Etxerat-ek salatu zuen Troitiñok irailera arte ez zuela «behar bezala zuzendutako asistentziarik» jaso: hau da, lehen sintomak sumatu eta bortz hilabete pasatu arte. Abokatuak urriaren 27an eskatu zuen aske uzteko.

Ia bizialdi osoa kartzelan

Troitiño ez dago gaixotasun larriak dituzten hamazazpi euskal presoen zerrendan, baina Etxerat-ek hainbatetan salatu izan du euskal presoen eritasunen «jatorria» espetxean jasandako «muturreko baldintzak» eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak direla. Troitiñoren kasua horixe da, ia bizialdi osoa pasatu baitu preso.

1987an atxilotu zuten, eta 24 urte baino gehiago egin zituen kartzelan. 2011n atera zen, zigor osoa beteta, baina handik egun gutxira atxilotu nahi izan zuten berriro, Parot doktrina aplikatuta. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren kontaketa berriaren arabera, 2017ra arte behar zuen preso. 2012an Londresen atzeman zuten —egunkariak banatzen lan egiten zuen han—, eta «oker burokratiko batengatik» behar baino lehenago kaleratu zutela iritzita, fiskaltzak haren atxilotzea eta estradizioa galdegin zituen. Hamabost hilabete geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak indargabetu egin zuen Parot doktrina, eta estradizio eskaera atzera bota zuen Westminsterko Auzitegiak. Ondoren, ordea, akusazioko argudioak aldatu, eta ETAn berriro sartzea leporatu zion Espainiak Troitiñori. 2016ko abenduan atxilotu zuten berriro ere Londresen, eta paperik gabekoentzako atxilotze zentro batean egon zen, auzibide gorabeheratsu baten ondotik, harik eta 2017ko maiatzean Espainiaratu zuten arte. Sei urteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2018an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.