Baionako auzitegiaren erabakiaren beha gelditu da Uztaritzeko (Lapurdi) bikote batek Espainiako El Mundo egunkariaren kontra jarritako salaketa. Bi milioi euroko kalte-ordaina eskatu diote, kalumniagatik eta bizitza pribatua urratzeagatik. 2018ko azaroan papereko edizioan eta Interneten argitaratutako artikulu batean, bikoteak 1974ko atentatu batean parte hartu zuela baieztatu zuen egunkariak. «Madrilen hamairu pertsona hil zituen bonba ezarri zuen emaztea aurkitu dugu» izenburua zekarren.
Collette Capdevielle abokatuaren hitzetan, «ez da dudarik». akusazio horiek guziak «gezurra» direla. «Nire bezeroak atentatuaren egileak direla baieztatzen dute, behin baino gehiagotan atxilotuak egon zirela, epaitegi militar batek epaitu zituela. Horiek denak gezurrak dira. Ez dago hitzik horrelako edukia kalifikatzeko», salatu zuen Baionako auzitegi aitzinean, Sud Ouest egunkariaren arabera.
Atentatuen egiletza egozteaz gain, El Mundo-ko kazetaria Oiartzabal senar-emazteen etxera joan zen haiek elkarrizketatzeko asmoz, eta argazkiak ere hartu zituen haien baimenik gabe. Erretretatu bikotearen bizitza pribatua ere kontatu zuen, bakoitzaren ibilbide profesionala eta batak eta besteak dituzten eritasunak aipatuz. Arrazoi horiengatik guziengatik, bakoitzarentzat milioi bat euroko kalte-ordaina eskatu du Capdeviellek. Prokuradoreak ez du zigor eskaerarik egin, eta epailearen esku utzi du erabakia.