Euskal presoak

Foro Sozialak presoen «aurrerapauso garrantzitsuak» nabarmendu ditu bere bigarren txostenean

«Kudeaketa ausartago bat» eskatu dute «espetxe salbuespenaren fasea amaitutzat» eman ahal izateko.

Aitzol Ansa, Teresa Toda eta Agus Hernan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE - FOKU
gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 4a
13:43
Entzun

Duela sei hilabete, Foro Sozial Iraunkorrak Behatokia aurkeztu zuen: motibazio politikoko euskal presoen egoeraz informazioa emateko eta horri buruzko eztabaida sustatzeko prestaturiko agerkaria. Orduan iragarri zuten txosten hori sei hilabetean behin aurkeztuko zutela, eta orain iritsi da bigarrena. Azken hilabeteetan espetxeetan izandako aldaketen berri ematen dute han, eta nabarmentzen dute EPPK-ko presoek «aurrerapauso garrantzitsuak» egin dituztela eragindako kaltea aitortzeko.

Txostenean agertutako datuen arabera, egun EPPK-ko 218 preso daude, 31 emakumezkoak eta 187 gizonezkoak. Horietatik 165 Espainiako kartzeletan daude; 28 Frantziakoetan, eta 25 baino ez Euskal Herrian. 78 preso lehenengo graduan daude oraindik ere.

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak esan duenez, Espainiako espetxeetan dauden preso gehien-gehienek, zein gradutan dauden alde batera utzita, «idatzi propioak» egin dituzte, «norberaren bizi ibilbidetik eta bizipen pertsonaletatik abiatuta». Idazki horietan «egindako kaltea espresuki aitortu, biktimen mina onartu» eta kasu askotan «biktimen sufrimenduarekiko enpatia» ere erakusten dute. Foro Sozialak uste du «bizikidetza demokratikorako ekarpen garrantzitsua» dela presoen pauso hori.

«Ausartago» jokatu beharra

Espetxe politikari dagokionez, txostenean aintzat hartzen dira «norabide onean ematen ari diren aurrerapausoak», baina presoak Euskal Herrira hurbiltzearen eta graduen bilakaeraren arloan «kudeaketa ausartagoa» eskatu dute, «espetxe salbuespenaren fasea amaitutzat» eman ahal izateko.

«Lekualdaketak gauzatzen ari dira», esan du Foroko kide Teresa Todak, «eta horren senideen zama aritzen du, baina EAEko eta Nafarroako espetxeetarako hurbilketa gutxi dago oraindik, eta berriro azpimarratu nahi dugu bertako espetxeak direla gizarteratzeko bideak egiteko egokienak».

Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanotzako kide den Aitzol Ansak kritikatu du zenbait kartzeletan espetxe arautegiaren 100.2 artikulua «sistematikoki» aplikatzen ari dela, eta hori «tranpa» bat dela graduetan aurrera egin nahi duten presoentzat. Lehenengo graduko presoei «baldintza malguagoak» ezartzen dizkie aipatutako artikuluak, baina, aldi berean, presoa gradu horretan mantentzen du. Printzipioz, uste da behin-behinekoa dela 100.2 artikuluaren aplikazioa, eta presoarentzat «probaldia» dela, baina Ansak salatu duenez, 2019k otsailean lehen aldiz aplikatu zenetik, 60 preso baino gehiagori ezarri diete, eta «iraunkor» bilakatu da, presoak lehen graduan betikotuz eta graduz aldatzea oztopatuz: «beste salbuespen bat finkatu da presoen tratamenduan».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.