Osasuna

Bularreko minbizia da gehien hedatutakoa, OMEren arabera

OMEk adierazi du biriketakoa baino gehiago zabaldu dela dagoeneko. Bi hamarkadaren buruan, ia bikoiztu egin da detektatutako minbizi kasuen kopurua, eta erakundeak gobernuei eskatu die baliabideak jartzeko haren aurkako programetan.

Bularreko minbiziaren kontrako ekitaldi bat, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2021eko otsailaren 4a
12:01
Entzun

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren kariaz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi du bularreko minbizia dela munduan gehien hedatuta dagoen gaitz onkologikoa dagoeneko. Estatistiketan, lehen aldiz gainditu du biriketakoa, IARC Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziak iazko abenduan jasotako datuen arabera.

Horregatik, OMEk bilkura batzuk egingo ditu aurten mundu osoko ekinbide bat abiatzeko asmoz. Gaitz horren ondorioz jende gutxiago hiltzea dute helburu, baita garaiz atzemateko bideak hobetzea ere. «Kalitatezko» arta nahi dute gaixo guztientzat.

Azken bi hamarraldietan, ia bikoiztu egin da detektatutako minbizi kasuen kopurua: 2000. urtean 10 milioi paziente inguru ziren, eta iaz, 19,3 milioi. Gaur egun, mundu osoan bost pertsonatik batek garatuko du minbiziren bat inoiz, eta, aurreikuspenen arabera, diagnostikoen kopuruak hazten jarraituko du. Iazko txosten horrek ohartarazi du 2040rako bikoiztu egingo dela intzidentzia.

Kasuen kopurua ez ezik, heriotzena ere handitu da. Duela hogei urte 6,2 milioi ziren, eta egun, 10 milioi. Kalkulatzen dute sei heriotzatik bati baino gehiagori eragiten diola minbiziak. Xehatu dute azalpena: bizimoduaren aldaketak, dieta ez-osasungarriek, sedentarismoak, alkoholak eta tabakoak izan dute eragina, nahiz eta bizitza luzeagoak izateak ere handitzen duen minbiziren bat izateko arriskua.

OMEren esanetan, egoera horrek eskatzen du gehiago inbertitzea prebentzioan eta tratamenduetan, arreta berezia jarriz bularreko minbizian, umetokikoan eta haurrenean.

Izurriak egoera estutu du

Erakundeak ohartarazi du COVID-19ak aldatu egin duela minbiziari aurre egiteko jokalekua ere. Areagotu egin ditu diagnostiko berantiarrak, eta zaildu egin du sarbidea, bereziki herrialde pobreenetan. Gainera, zerbitzu batzuk eten dituztela-eta, minbizia duten eriek arrisku handiagoa dute COVID-19arekin larri gaixotzeko. OMEk berak iaz egin zuen ikerketa batek ondorioztatu zuen minbiziaren tratamendua galdekatutako herrialdeen %40tan baino gehiagotan eten zutela pandemia garaian.

OMEk adierazi du minbizia haurren eta nerabeen heriotzaren kausa nagusietako bat dela, eta kalkulatzen dute 400.000 haurri atzematen dietela gaitza urtean. Hilaren 15ean izango da Haurren Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta, orduan, OMEk hari aurre egiteko programak indartzeari buruzko eskuliburu bat aterako du agintari politikoen esku jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.