Hartu du Mikel Irujok Manu Aierdiren lekukoa, Nafarroako Jauregian. Orain arte, Kanpo Ekintzako zuzendari izan da Nafarroako Gobernuan, eta Aierdik zeukan ardura hartu du, Nafarroako Garapen Ekonomikoko kontseilari gisa. Aierdik kargua utzi behar izan ostean izan da, Auzitegi Gorenean auzi bat ireki diotelako.
Irujoren kargu hartzean izan dira, Irujoz eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaz gain, Irujoren senideak, Manu Aierdi bera eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea.
Txibitek hartu du hitza, lehenik eta behin, Aierdiri eskertzeko Nafarroako Gobernuan egindako lana: «Haren baretasunak eta lanerako gaitasun handiak gobernu honek egin beharreko lanean ekarpen handia egin du». Ondoren, Irujori esan dio «une garrantzitsu eta konplexu» batean hartuko duela ardura. «Asmo handiko aurrekontuak dauzkagu, erronka bat eta aukera bat eskatzen duten Europako funts batzuk, eta gizarte eredua eta eredu ekonomikoa eraldatuko duen aro batean gaude, pandemiaren eraginez bizkortu egingo den eraldaketa, gainera», Txibitek esan duenez. Erronkei aurre egiteko gaitasuna aitortu dio Irujori, gobernua «ondo» ezagutzen duelako. Nafarroako Gobernuarentzat ekarpen garrantzitsua egin dezakeela ere esan du, «garapen ekonomikoarekin konpromisoa duelako eta ikuspegi europar zabala duelako».
Sailburu kargua hartu ostean emandako prentsaurrekoan, Mikel Irujok «benetan eskertu» du lehendakariak eta Geroa Baik beregan jarri duten «konfiantza», eta esan du «ohorea» dela foru erkidegoaren zerbitzura lan egitea. Era berean, eskerrak eman dizkio Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariari, azken bost urteetan harekin lan egin baitu, aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkari gisa eta gaur egungo Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi gisa.
Davalor auzian Auzitegi Gorenak haren kontra irekitako ikerketagatik utzi du kargua Manu Aierdik. Irujok esan du ez dela «erantzukizun hori bere gain hartzeko baldintzarik onena», eta «ziur» agertu da Aierdiren kasua «ezerezean» geratuko dela. Maileguen inguruko ikerketa artxibatuz gero karguan jarraituko ote duen galdetuta, «zientzia fikzioaz» ez hitz egiteko eskatu du. Kontseilari berriak azaldu duenez, azken urteotan «harreman estua» izan du Aierdirekin. «Gobernu gisa egiten ari ziren jarduera guztiak zuzenean ezagutzeko eta Europako erakundeen eta beste sare batzuen aurrean azaltzeko zortea izan dut», adierazi du.
Hemendik aurrera, «Europa eta susperraldia» izanen dira erronka handiak Irujoren esanetan. «Manu Aierdi kontseilari ohiak ezarritako helburua jarduera ekonomikoa berreskuratzea eta enplegua sortzea da, baita Nafarroako industria sarearen lehiakortasuna indartzea ere, gizarte, ingurumen eta lurralde iraunkortasunaren ikuspegitik».