EUSKAL PRESOAK

Biktimen Legea moldatuko du Madrilek, presoen ongietorriak zigortzeko

Fernando Grande-Marlaska ministroak jakinarazi du bere saila lege erreforma bat prestatzen ari dela.

Jose Jabier Zabaleta Baldo preso ohiari Hernanin 2019ko abuztuan egindako harrera. JON URBE / FOKU
jon olano
2021eko otsailaren 2a
17:19
Entzun

Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak jomugan jarri nahi ditu euskal presoei espetxetik irtetean egiten zaizkien ongietorriak. Biktimen elkarte ugari kexu azaldu dira harrera horietaz, eta Grande-Marlaskak iragarri du bere ministerioa lanean ari dela Terrorismoaren Biktimen Babes Integralerako Legearen erreforma batean, ongietorriak antolatzen dituztenak zigortzeko.

Grande-Marlaskak Espainiako Senatuan eman du erabakiaren berri, UPNren eskakizun bati erantzunez. Ministroak azaldu duela lege erreformak biktimen aitortza indartu eta haien eskubideak hobetuko dituela, eta titulu berri bat jasoko duela, «biktimen duintasunaren errespetuarekin bateraezinak» diren ekitaldiak zigortzeko.

Alberto Catalan UPNko senatariak, ordea, EH Bildurekin «isiltasun konplize eta lotsagarria» edukitzea egotzi dio Grande-Marlaskari, eta «presa» izatea euskal presoak gerturatzeko. «Legearen alde nabil. Iraganean terrorismoaren aurka borrokatu nintzen, eta terrorismoaren aurka borrokatzen jarraitzen dut», erantzun dio ministroak.

Gobernuak azaldu du «erakunde terrorista» bateko kide orori egindako «omenaldi edo babes» ekitaldiak «iraingarriak» direla «biktimentzat, baina baita gizarte espainiar osoarentzat ere». Horregatik, uste du «irmotasun instituzionala» erakutsi beharra dagoela. Grande-Marlaskak gogorarazi du Zigor Kodeak delitutzat jotzen dituela «terrorismoa goratzea» eta «biktimen umiliazioa», baina, auzitegiek sarri ez dituztenez ongietorriak zigor arlotik ikertu, bide administratibotik joko dute orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.