Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren zigor salak lau urteko espetxe zigorra ezarri die Aitor Zelaiari eta Galder Barbadori, lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta. Fiskalak zortzi urteko espetxe zigorra eskatua zuen haien aurka, «helburu terroristarekin» lehergailuak eduki eta erabiltzea egotzita. Angela Murillok, Teresa Palaciosek eta Carmen-Paloma Gonzalezek izenpeturiko sententziak launa urteko espetxe zigorra ezarri die bi gazteei: «helburu terroristarekin» aritu izana baztertu dute, baina lehergaiak egiteko materiala eduki eta erabiltzeagatik zigortu dituzte.
2018an Ertzaintzak Durako (Araba) industrialde batean aurkituriko bidoi bat dago zigorraren oinarrian, eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur emandako sententzian, frogatutzat eman dute bi gazteek «esku hartu» zutela 2014an bidoi hori «ezkutatzen». Bidoiaren barnean «lehergailuak egiteko hainbat objektu» zeuden, sententziaren arabera, eta «bide publikoan» ezartzea zen «helburua», leherketarekin «herritarrei beldurra» sortzeko.
Bidoi haren barnean, bertzeak bertze, bortz kutxa eta pote bat potasio klorato, oihalezko poltsa batean bildutako zazpi suziri, plastikozko lau pote azido sulfuriko kontzentratu, kable elektriko bat, zazpi pote propano gas, bortz bonbona kanpingas, azkoinak eta torlojuak, ardagai metxa eta lau tiragoma atzeman zituzten, sententzian zehaztu dutenez. «Material hori etxeko artefaktu su-emaileak (hastapen kimikokoak) eta artefaktu mistoak (leherkorrak eta su-eragileak) egiteko erabil zitekeen», sententziaren arabera, «kale borrokan erabilitakoen antzera». Epaileen hitzetan, halaber, 2014an eta 2015ean «kale borrokako ekintzak» egiteko materiala gordetzeko «zulo» gisa erabili zuten bi gazteek leku hori. Akusatuen lau hatz marka eta «aztarna biologiko bat» aurkitu izanen lituzkete leku horretan, sententziak dioenez. Bi gazteen etxeak miatzean atzemandako materiala ere aipatu dute ebazpenean: tartean, euskal presoen aldeko pegatinak eta zenbait jantzi.
Sententziaren arabera, akusatuek epaiketan azaldu zuten ezker abertzalean kokatzen dutela euren burua, eta bat egiten dutela ETAk armak uzteko hartutako erabakiarekin. Epaileen hitzetan, ordea, «zulo» horretan aurkituriko materiala ez dator bat bi gazteek adierazitako horrekin, Euskal Herrian «kaleko bortizkerian erabili ohi izan diren lehergaiak egiteko elementuak» atzeman baitzituzten «haiek jarritako» bidoi horretan. Material horren erabilerak «gizartearen lasaitasuna aztora» dezake, sententziaren arabera, «ondasunei eta pertsonei eraso» eginda, «ETAren jarduerak zuen helburu berarekin, bake publikoa aztoratu eta jendea beldurtuta, nahiz eta intentsitate apaleko terrorismo gisa hartu».
Hamar urteko inhabilitazioa
Lau urteko espetxe zigorraz gain, hamar urteko inhabilitazio absolutua ezarri die bi gazteei Espainiako Auzitegi Nazionalak. 2019ko otsailaren 8an atxilotu zituen Ertzaintzak Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea» leporatuta. Maria Tardon epaileak espetxera bidali zituen bi gazteak, eta urte hartako udan atera ziren kartzelatik. 6.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuten baldintzapean aske gelditzeko, epaiketa iritsi bitartean. Joan den urtarrilaren 21ean eta 22an epaitu zituzten, Madrilen.
EH Bildu: «Azpijoko poliziala»
Sententzia iritsi eta berehala, EH Bilduk salatu du Barbadoren eta Zelaiaren aurkako zigorrak «azpijoko polizial batean» oinarritzen direla, zeinaren prestakuntzan «Ertzaintzak parte hartze zuzena» izan zuen. Koalizio independentistak azpimarratu duenez, «denboraz eta lekuz kanpo dagoen salbuespenezko epaitegi batek» zigortu ditu bi gazteak, eta zigortu dituen epaimahaia, gainera, Bateragune auzian inpartzialtasunik ez edukitzeagatik Estrasburgok zigortu zuen bera da. Angela Murillo epailea dago epaimahaikideen artean, hain zuzen. EH Bilduren ustez, bi gazte horiek zigortzeak «ez du batere laguntzen euskal gizarteak eskatzen duen bakearen eta bizikidetzaren eraikuntzan».
Sortu: «Garaiz eta tokiz kanpo»
Sorturen ustez, Zelaiaren eta Barbadoren aurkakako zigorrak «erabat garaiz eta tokiz kanpokoak dira», eta Euskal Herria «iraganean kateatzeko helburu onartezina» dute. Alderdiak nabarmendu du gatazkaren konponbidean «urrats esanguratsuak» egin direla azken urteetan, presoen esparruan «estatuen posizio gotortuak» mugiarazita, eta «testuinguru» horretan gertatu dela bi gazteena: «Horren guztiaren aurka, poliziako, epailetzako eta oro har sakoneko estatuko zenbait sektore bakearen eraikuntza prozesua oztopatzeko jardunean ari dira». Sorturen iritziz, ordea, espetxeak husteko «garaia» da, «ez betetzen jarraitzekoa»: «Salbuespen legedia amaitu behar da. Auzitegi Nazionala sobran dago».