Etxerat euskal presoen senideen elkarteak salatu du «egoera gogorrean» daudela Soto de Realgo (Espainia) espetxean dauden euskal presoak. Bakartze moduluetan dauzkate, eta Frantziako Estatuan baino egoera «okerragoan». Izan ere, Soton dauden guztiek kondena luzeak bete dituzte lehenago Frantziako Estatuan, eta han hurbilduta eta DPS estatusik gabe zeuden: Okzitaniako Lannemezanen eta Mont de Marsanen ari ziren zigorrak betetzen, Euskal Herritik 330 eta 260 kilometrora, hurrenez hurren. «Espainiako Estatura eramateko eskatu ondoren, Soto del Real espetxean sartu dituzte, eta okerrera egin dute, isolatuta eta familiatik 430 kilometrora baitaude», salatu du Etxerat-ek.
Jurdan Martitegi eta Iñaki Reta euskal presoak daude egoera horretan, baita Marixol Iparagirre ere, epaiketak dituenean hara eramaten baitute Brievako espetxetik (Espainia, 475 kilometro). Raul Fuentes eta Iurgi Garitagoitia presoak, berriz, kartzela bereko bigarren modulura mugitu dituzte.
Etxerat-ek ohartarazi du bakartuta dauden preso bakarrak direla Sotokoak, «Huelvan, Kordoban eta Sevillan zeuden presoak erregimen horretatik atera ondoren». Euskal presoen senideen elkartearen ustez, ez da «koherentea» aldi berean euskal presoak hurbiltzea eta Soton egoera hori «mantentzea»: «Espetxe idazkaritzak lehen aipatutako espetxeetan euskal presoen isolamendu sistematikoari amaiera eman dion bezala, Soton euskal presoen isolamendua amaitzeko garaia dela uste dugu; EHra hurbildu behar dituzte, eta espetxe politika gizatiartzeko pausoak eman behar dira».