EUSKAL PRESOAK

Mikel Arrieta presoaren lagun batek istripua izan du Soriako espetxetik bueltan

Orein talde bat errepidean sartuta, haren kontra egin du talka autoak. Kristala hautsi zaio, baina gidariak ez du kalte fisikorik izan, Etxerat-en arabera. Aurken Sola presoari bisitan zihoan lagun batek ere ezbeharra izan du, gurpila lehertuta. Etxerat-ek salatu du presoak hurbilduta ere errepideko arriskuak segitzen duela.

Aurken Sola euskal presoar bisitan joandako lagunaren autoa, gurpila zulatuta. ETXERAT
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 30a
19:35
Entzun

Euskal presoei bisitan joaterakoan gertaturiko istripu baten eta ezbehar baten berri eman du gaur Etxerat-ek. Mikel Arrieta Llopis euskal preso errenteriarrari bisitan zihoan lagun batek izan du auto istripua, Soriako espetxetik bueltan (260 kilometro). Etxerat-ek jakinarazi duenez, orein talde bat sartu zaio errepidean, eta horien aurka egin du talka. Aurreko kristala hautsi zaio eta autoaren txapa mailatua dauka, baina ez du kalte fisikorik izan. Taxi batean itzuli ahal izan da Euskal Herrira.

Bertze ezbeharra Aurken Sola presoari bisitan zihoan lagun batek izan du, Burgosko espetxera bidean (215 kilometro): «Kotxeko gurpila lehertu zaio, ezuste handia jasan du, baina zorionez autoa menderatu du», azaldu du Etxerat-ek. Gaurko bisita ezin izan du egin, baina espetxearekin hitz eginda hurrengo baterako gorde diotela erran diote, Etxerat-ek jakinarazi duenez.

Euskal presoen senideen elkarteak salatu du presoak Euskal Herri inguruan dauden kartzeletara hurbiltzen ari badira ere arriskua «berdin» dagoela errepidean. Gaur gertaturikoa aurtengo lehen istripua da, baina Etxerat-ek ohartarazi du 400 bat ezbehar gertatu direla urruntze politika hasi zenetik, eta hamasei lagun hil direla auto istripuetan. «Horregatik, berriro diogu: preso guztiak Euskal Herrira hurbildu behar dira lehenbailehen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.