Bilera egin dute gaur Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariek eta Aztnugal moduan ezaguna den auziko ordezkariek. Bertan, Aztnugal-eko ordezkariek hainbat dokumentu aurkeztu dituzten: tortura salaketak ez ikertzeagatik Espainiak jasotako hiru zigorrak eta Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak egindako txosten bat. Gainera, bi eskaera helarazi dizkiote Foro Sozial Iraunkorrari: Nafarroako gizartearen ordezkari instituzional nagusiekin elkarrizketa lan bat egin dezatela, nazioarteko sententziak eta txostena helarazteko eta «errazte lanak» egin ditzatela izaera ofiziala izango duen ikerketa bat sustatzeko, Nafarroan estatuko segurtasun indarrek torturatu duten jende kopurua argitze aldera.
Nabarmendu dutenez, Foro Sozialaren ordezkaritzak dokumentazioa jaso du, baita egindako bi eskariak aztertzeko konpromisoa agertu ere. «Torturaren biktimen errekonozimendu ofiziala formalizatu eta esplizitatzearen beharraren inguruko uste osoa adierazi dute, baita Nafarroako instituzio publikoek torturaren biktimen aitortza ofizialaren norabidean urratsak egin behar dituztela ere, giza eskubideen urratze honek ekarri duena ezagutaraziz», jakinarazi dute.
Gainera, Foro Sozialak gogorarazi du biktima guztiek egia jakiteko zein justizia eta erreparazioa izateko eskubidea dutela, eta giza eskubideen urraketek aitortza politiko eta instituzional bera izan behar dutela, biolentzia eragin duen eragilea edozein izanda ere.