Manu Aierdiren dimisioa

Nafarroako ekonomiaren lemazaina

2012tik 2015era EAJko Napar Buru Batzarreko lehendakaria izan zen, Nafarroako Gobernuko presidenteordetza hartu arte. Uxue Barkosen gobernuaren lema ekonomikoa eraman zuen.

Manu Aierdi, kontseilariek karguaren zina egiten, 2019ko abuztuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2021eko urtarrilaren 29a
12:20
Entzun

Duela hamar urte agertu zen politikan Manu Aierdi, oharkabean, eta, bere zoritxarrerako, atzeko atetik utzi beharko du gobernua. Abenduaren 14an, erabat ezustean hartu zuen Auzitegi Gorenak Davalor auzian bere aurkako auzi judiziala ireki izana, baina aurreko legealdiaren amaieran UPNk ohartarazia zion Sodenaren gaineko kereila judiziala aurkezteko asmoa zuela. Apustu politiko argia zen eskuineko alderdiarena: ahalegin txikia eginda errentagarritasun handiko emaitza lortzeko aukera; Geroa Bain pisu handia duen pertsona bat kargutik kentzeko eta Nafarroako Gobernua higatzeko aukera zuen, alegia.

Manu Aierdi Olaizola 1967ko urtarrilaren 13an sortu zen, Donostian (Gipuzkoa). Ekonomia eta Enpresen Administrazioa ikasketak amaitu ondoren, 24 urtez buru-belarri ibili zen enpresa munduan, eraikuntzaren eta obra publikoen arloan. Politikara jauzi egin aurretik, hamar urtez ARIAN enpresaren finantza zuzendari izan zen, 2001etik 2011ra bitartean. Azken urte horietan, Txinan enpresaren ordezkari gisa jardun zuen. Gerora, kontseilari gisa, Txinako ordezkaritzekin izandako bidaia eta topaketetan txineraz hitz egin izan du. Euskaraz eta gazteleraz ez ezik, ingelesez eta frantsesez ere moldatzen da, eta apur bat alemanez.

2011 hasieran, Nafarroa Bai koalizioaren hondarreko prentsaurrekotan agertu zen Manu Aierdi. Ez zen hasiera erraza izan. EA koaliziotik kanporatua izan zen, eta 2011n zerrendetan sartu zen Aierdi, EAJren ordezkari gisa. Garai berean, Napar Buru Batzarreko presidente izendatu zuten, eta jeltzaleen buruzagi gorena izan zen Nafarroan, gobernuko presidenteordetza hartu arte, 2015ean. 2012ko udan, Aralarrek parlamentu taldetik kanporatu zituen Aierdi eta Patxi Leuza, koalizio ituna hautsi zutelakoan, eta legealdi amaierara arte atxiki gabeko legebiltzarkide gisa jardun zuen.

Haustura hark parlamentuko jarduera baldintzatu zuen, baina, hala ere, Barcinaren legealdia polemikaz betea izan zen, eta izan zuen Aierdik gai ekonomikoetan nabarmentzeko aukera. Batik bat, Nafarroako Kutxaren auzian, eta Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak Lourdes Goikoetxearen aurka egindako salaketetan eta horren ondorioz irekitako ikerketa batzordean. Aierdik, oposizioko gainerako taldeen moduan, presio egin zuen, «ardura politikoak irmo aldarrikatuz», Barcinaren dimisioaren alde eginez eta hauteskundeak aurreratzeko eskatuz.

Akaso, ahalegin berezi hark etsaiak sortu dizkio. Lourdes Goikoetxeak berak gerora nabarmendu nahi izan du polemika hartan «politikaren aurpegirik doilorrena» ikusi zuela, eta beretzat gurutze bide izan zen hartatik pasarazi zutenetako bat izan zela Aierdi. Pasadizo horrek islatzen du UPNren ingurunean afera hura oroimenean iltzatua dutela. Politikoki zein judizialki ezerezean geratuagatik, Aierdiri orain gertatutakoa haren aurkako bumeran bat izan dela aipatu dute egunotan.

Bost urte eta erdi gobernuan

2015ean, gobernua izendatu berri, Barkosek gobernuaren lema ekonomikoa eman zion Aierdiri. Haren gain geratu zen azpiegituren eta garapen ekonomikoaren ardura, eta pisu ekonomiko handiko erabakiguneak haren ardurapean izan ziren. Enpresa mundutik etorria da, teknikari profila du, eta ezin zaio ukatu bere eremuko gaiak zehatz-mehatz kontrolatzen dituela.

Aierdiren arrakasta nagusia egungo planifikazio ekonomikoaren oinarriak jartzea izan da. Izan ere, Moderna plan estrategikoak porrot egin ondotik, murrizketek eta krisiak erabat menperaturik, Barcinaren gobernuak alboratu egin zuen planifikazio ekonomikoa. Aierdiren gidaritzapean, lehenik Nafarroaren diagnostikoa egin eta RIS3 espezializazio adimentsuaren estrategia bultzatu zuen, beste gobernantza eredu bat ezarriz. Eredu horrek bidea egin du bost urteotan, eta, adibidez, Europako Batasuneko funtsak banatuko diren honetan, egindako bide horrek posizio onean utzi du Nafarroa. Besteak beste, energia plan berria bultzatu du, eta energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin.

Beste lorpenen artean daude Noain aireportua Europarekin lotu eta Lufthansa konpainiaren hegaldiak erakartzea, eta parlamentuan aho bizarrik gabe nabarmentzea Nafarroako errepideen finantzaketa eredua aldatu beharra dagoela, mantentze lanen defizita handia delako.

Alta, haren kudeaketak izan du kontrako erreakziorik ere. Nabarmenena AHTarena da. Politikan sartu zenetik, apustu irmoa egin du Aierdik trenaren alde, eta, urteotan azpiegitura aurrera ateratzeko finantzaketa arazoak egon badira ere, aurreko legealdiak urratsak egin zituen trenaren proiektuak aurrera egin zezan; besteak beste, EAEko trenbidearen lotura bilatuz. Halaber, beste proiektu polemikoa Aroztegia izan da. Aierdi bera bertaratu zen egitasmoa defenditzera. Azken urteotan sortu izan diren deslokalizazioei eta lan gatazkei beste norabide bat emateko gauza ez da izan, ordea; TRW eta Siemens Gamesaren kasuetan, esaterako.

Alta, kargua hartu eta gutxira, bere hanka sartze politiko nagusia egin zuen: Davalor. Aierdik hamaika bider azaldu izan ditu Sodena arrisku kapitaleko sozietateak 2015etik 2017ra emandako urratsak, eta argudiatu ez zela gutizia bat izan. Aitortu zuen bazekiela enpresa larri zegoela, baina inbertitzaileak bazituela eta, bazkide pribatuen artean orotara 15 milioi euro biltzea lortuz gero, enplegu asko sortzeko potentzialitatea zuela. Sodenak berezko du arrisku ekonomikoa hartzea; hori da haren zeregina: Nafarroako Kontuen Ganberaren arabera, UPNren garaian, 2002tik 2013ra, 37 proiektutik 26tan «ez ziren negozio irizpideak bete».

UPNri berdin zaio hori, iraganeko zorrak kitatzeko aukera badu. Arrisku ekonomikoa politikoarekin nahastea izan da Aierdiren bekatua, eta UPNk ez dio barkatu. Orain, gobernuan utzitako hutsunea estaltzea izango da Geroa Bairen zeregina. Aierdik, berriz, bere burua defenditu beharko du Davalor auzian, eta, ondoren, ikusteko dago enpresa mundura itzuliko den edo politikan jarraituko ote duen, bigarren lerroan. Berari ziklo bat itxi zaiola nabarmendu du Aierdik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.