Jaurlaritzaren aurrekontua

Osoko zuzenketak baztertu ditu Eusko Legebiltzarrak

2021erako aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatzeko saioa egin dute. EAJren eta PSE-EEren botoek ahalbidetu dute proiektuaren tramitazioak aurrera egitea.

Pedro Azpiazu, Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. EUSKO LEGEBILTZARRA
jon olano
2021eko urtarrilaren 29a
11:18
Entzun

Eusko Legebiltzarrak otsailaren 11n emango dio behin betiko onespena Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektuari. Oposizioko talde politiko guztiek, ordea, osoko zuzenketak aurkeztu dituzte, eta horiek eztabaidatzeko saioa egin dute Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Sorpresarik ez: EAJk eta PSE-EEk baztertu egin dute Jaurlaritzari aurrekontu proiektua itzultzea, eta, beraz, tramitazioak aurrera jarraituko du, azken oniritzia jaso dezan.

Eztabaidaren hasieran, Jaurlaritzak taxututako kontuak goraipatu ditu Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak: «Anbizio handiko aurrekontua da, orainaldiaren aldeko apustua egiten duena, ausarta». Azpiazuk osasun egoera eta horrek testuinguru ekonomikoan daukan eragina ekarri ditu gogora, eta azaldu du «normaltasunera igarotzeko aurrekontuak» prestatu dituztela: «Ez da edozein lege, eta ez gaude edozein urtetan; berreraikitzearen atariko urtean gaude». Izan ere, zenbakiei erreparatuta, Azpiazuk gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia %9,4 uzkurtu zela iaz, baina 2021erako hori baino hazkunde apalagoa espero dela. Kontuen xehetasunei dagokienez, azaldu du 12.442 milioi euro dela aurrekontu proiektua, iazkoa baino %7,7 handiagoa: «Politika publikoetan murrizketarik ez duten aurrekontuak dira». Era berean, 542 milioiko diru sail bat bideratu dute COVID-19aren eraginei aurre egiteko, eta 140 milioi gorde dituzte «ekitaldian gerta daitezkeen ezustekoetarako». Izan ere, «osasun ezegonkortasuna egunez egun handitzen» ari dela uste du sailburuak, eta horrek «ziurgabetasun handia» eragiten duela ekonomian eta aurrekontuetan: «Hala ere, behar bezainbesteko malgutasunez jokatzen jakingo dugu».

Talde politikoekin izandako elkarrizketak ere xehatu ditu Azpiazuk. PP+C's koalizioak eta Voxek lehen bileran bertan iragarri zuten osoko zuzenketa aurkezteko asmoa, eta Azpiazuk horiei erantzun die Jaurlaritzarenak ez direla «aurrekontu abertzaleak edota xahutzaileak». EH Bildurekiko elkarrizketak, berriz, «iragarritako autobazterketa baten kronika» gisa deskribatu ditu: bere proposamena «handinahiegia, maximalista eta desegokia» izatea egotzi dio: «Ikusiko dugu ea legealdian zehar mantentzen duen ere beste latitude batzuetan ez duen jazarpen jarrera hori gero». Aldiz, bestela hitz egin du Elkarrekin Podemos-IUrekin izandako solasaldiaz: uste du koalizioak «konpromisoari beldurra» izan ziola baina «konfiantza eta leialtasun marko bat» ezarri dela, eta espero du marko hori indartzea aurrera begira.

Kortajarena: «Olatu honen bestondoak jada eraman du aurrekontu hau»

Talde politikoek beren osoko zuzenketak argudiatzeko txanda izan dute gero. Azpiazurekin eginiko bileran, EH Bilduk eskatu zion «ezohiko egoerari ezohiko erantzunak» emateko, eta hortik abiatu du kontuen aurkako kritika Nerea Kortajarena legebiltzarkideak: «Ohiko aurrekontu bat egin duzue ezohiko egoera baterako». Uste du gobernuak «pandemiaren amaierarako pentsatutako» aurrekontu batzuk prestatu zituela, baina «errealitateak jada gainditu» duela. Horren adibide gisara aipatu du kontuek, «historiako onenak balira bezala aurkeztu» arren, ez dutela aurreikusten COVID-19aren beste olatu bat gertatzeko aukera: «Olatu honen bestondoak jada eraman du aurrekontu hau, onartua izan aurretik».

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearen esanetan, Jauarlaritzak landutako proiektuak aditzera ematen du pandemiak eragindako krisia «iragankorra» dela eta horretarako «programa jakin bat baino» ez dela behar; hortaz, aurrekontua iazkoaren «ia berdina» dela. Kontu «neoliberalak» prestatu izana egotzi dio Jaurlaritzari, «ez baititu iraultzen aurreko krisian eginiko murriztetak». Horiek horrela, zorpetzeko tartea erabat baliatzeko eskatu dio gobernuari; besteak beste, berdintasun politikak, eta osasun eta hezkuntza arloetako inbertsioak handitzeko.

Jon Hernandez koaliziokideak, berriz, nabarmendu du «eliteen interesen araberako aurrekontuak» direla, «esparru ekonomiko kontinuista bat» dutenak. Hernandezek nabarmendu du aurrekontuaren hazkunde ia osoa COVID-19arentzako diru sailera bideratu dutela, eta, beraz, gainerako sailetan apenas dagoela aldaketarik; aurrekontuen «eredua» ez dela aldatu; hortaz, «aurrekontu marketina» egitea egotzi dio. Hernandezen iritziz, kontuek «gastu eredu bidegabea» daukate, horiek «diru sarrera eta zerga eredu bidegabea» dutelako oinarrian, «langile klasea zigortzen» dutelako. Hernandezek zerga politika jarri du jomugan: «Bost urte daramatzagu entzuten ez dela momentua... Segur aski kontua da ez dela ezkerrerarekin zerga politikaz negoziatu nahi, eredu desberdinak dauzkagulako». Gainera, negoziatzeko borondaterik eduki ez izana leporatu dio Jaurlaritzari: «Borondatea dagoenean, gauza hauek lehenago eta beste modu batera hasten dira».

Iturgaiz: «Frantziako ikastoletara dirua bidaltzen jarraituko dugu?»

Carlos Iturgaiz PP+C's koalizioko bozeramaileak nabarmendu du Jaurlaritzaren kontu proiektuak dirua xahutzen duela eta aurrekontu «faltsua eta faltsutua» dela; xahutze horren adibide gisa jarri ditu Ipar Euskal Herriko ikastolak eta EITB: «Dirua bidaltzen jarraituko dugu Frantziako ikastoletara, gobernuz kanpoko erakunde bat bagina bezala?». Iturgaizek Espainiako Gobernuarekiko hitzarmenekin lotu ditu aurrekontuak, eta PP+C's aurkeztu du «alternatiba erreal bakar» gisa, EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos «karta sorta beraren sailak» direlakoan.

Bestalde, ohiko diskurtsoari eutsi dio Voxek: euskarara bideratutako diruagatik kexatu da, euskarak ez duelako «jaten ematen». «Lehenago lur jotako Euskal Herri bat, euskaldundu gabeko bat baino», laburbildu du.

Egibar: «Ez da ideologia: estrategia da»

Gobernuaren jarduera babestu eta oposizioarena kritikatu dute, ordea, EAJk eta PSE-EEk. Itxaso Berrojalbiz jeltzaleak «bertigo politikoa» izatea egotzi dio oposizioari, eta gaineratu du «ulertzen zaila» dela Elkarrekin Podemos-IUk aurrekontuei emandako ezezkoa, «aitortu duelako Jaurlaritzak bere proposamenak jasotzeko eginiko esfortzua». Joseba Egibar EAJko bozeramaileak, berriz, EH Bilduri erantzun dio Madrilen edo Nafarroan jarri ez dituen baldintzak jarri dizkiola Jaurlaritzari: «Ez da ideologia: estrategia da».

Susana Corcuera sozialistak EH Bilduri egotzi dio «alderdi arduratsu bat izateko eta alternatiba izateko gaitasuna erakusteko trenari ihes egiten uztea». Elkarrekin Podemos-IUri, berriz, erantzun dio gastuaren %12,2an eragiteko aukera izan duela, legebiltzarrean duen ordezkaritza %8 bada ere: «Nahiago izan zuen alde batera geratu. EH Bilduk pentsatuko zuenaren beldur? Bertigo politikoagatik?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.