Joan den larunbatean bete ziren 26 urte ETAk Gregorio Ordoñez PPko legebiltzarkide izandakoa hil zuela tiroz, Donostian. Gaur egin dute urteurrena bete osteko lehen osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean, eta, saioa hasi aurretik, minutu bateko isilunea gorde dute Ordoñez zena oroitzeko.
Aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak eztabaidatzeko osoko bilkura egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean, eta 09:30ean hasi da saioa. Ordu horretan, aretoan zeuden legebiltzarkide guztiak zutitu dira Ordoñezen argazkiaren aurrean. Gainera, legebiltzarraren kanpoaldean, Ordoñezen argazki bat jarri dute, eta su bat piztu.
2014ko otsailaren 18an, Parlamentuko Mahaiak adostu zuen urtero omentzea bortxaz hildako lau legebiltzarkideak: Enrique Casas (PSE), Komando Autonomo Antikapitalistek 1984ko otsailaren 23an hila; Fernando Buesa (PSE), ETAk 2000ko otsailaren 22an hila; Santi Brouard (HB), GALek 1984ko azaroaren 20an hila; eta Ordoñez bera.