Beste bi dimisio egon dira Osakidetzan txertaketa irregularrekin lotuta, Vocento taldeko hedabideek jakitera eman dutenez. Adierazi dute orain Debabarreneko ESI erakunde sanitario integratuko zuzendaritzako bi kidek dimisioa eman dutela, txertoak jartzeko ezarritako irizpideak hautsi eta txertatu egin zirelako horiek ere.
Atzo, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azalpenak eman behar izan zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, txertaketa programaren harira sortu diren berriak hizpide hartuta. Onartu zuen «deskoordinazioa» egon dela Santa Marina erietxean, eta horregatik egin zutela han txertaketa era desegokian; langile guztiak batera txertatu zituzten, eta zuzendaritzako kideak ere bai.«Akats» horietan erantzukizuna baduela onartu zuen, baina arazoak onbidean jarrita daudela adierazi zuen.
Jakina da Basurtuko erietxean ere txertaketak egin direla ezarritako irizpideez kanpo, eta horien erantzukizuna hango zuzendariarena zela argudiatu zuen. Hain justu, kargua utzita dago ja. Onartu zuen beste ESI batzuetan ere zuzendaritzatako kideei jarri zaizkiela txertoak, tartean Debabarrenean, baina horiek ondo jarritako txertoak direla esan zuen, langile horiek badutelako hartu-eman zuzena pazienteekin.
Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako buruzagiek, eta baita Eusko Alderdi Jeltzale EAJkoek ere, adierazpenak egin dituzte Sagarduiri babesa erakusteko eta ondo ari dela azaltzeko.
Santiago ospitalean
Argia-k jakinarazi du, halaber, pazienteekin harreman zuzenean ez dauden hainbat langile ere txertatu egin direla Gasteizko Santiago erietxean, eta kutsatuekin lanean ari diren asko, aldiz, ez. Informazio horren arabera, Arabako ESIko zuzendaritzak hutsegiteak onartu zizkien sindikatuetako ordezkariei, asteazken eguerdian egindako larrialdiko bilera batean. Ordezkari sindikalen ustez, kudeaketa txarraren eta antolakuntzarik ezaren ondorio dira. Sagarduik erietxe hori ez zuen aipatu atzo Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian.