Arabako Probintzia Auzitegiak atzera bota ditu Eliseo Gilen eta Ruben Cerdanen defentsak Iruña-Veleia auziaren epaiari jarritako helegiteak, eta berretsi egin du haien kontrako zigorra. Gainera, Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren (Arabako Foru Aldundia) helegite bat aintzat hartu du modu partzialean, eta, horrenbestez, Gili ezarritako isun ekonomikoa handitu du.
Udaberrian egin zen Iruña-Veleia auziari lotutako epaiketa, aztarnategiko aurkikuntzak ezagutarazi eta hamalau urtera, eta ekainaren 10ean eman zuten epaiaren berri. Epaitegiak ondorioztatu zuen grafitoak faltsuak direla eta Eliseo Gil aztarnategiko arduradun nagusia zena jo zuen faltsutzearen erantzule nagusi. Horrenbestez, bi urte, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra ezarri zion iruzur egin, dokumentuak faltsutu eta ondarearen aurkako delituak egiteagatik. Urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra jarri zion Cerdani, txosten faltsuak egiteagatik. Horrez gainera, Gilek eta Cerdanek txostenak egiteagatik jasotako dirua Arabako aldundiari itzuli behar ziotela ebatzi zuen (12.490,20 euro). Eta Jaurlaritzari 72 euro ematera ere zigortu zuen Gil: bi euro kaltetutako pieza bakoitzeko.
Epaiari helegitea jarri zioten bi akusatuek, eta euren absoluzioa eskatu zuten, besteak beste, instrukzioa baliogabea zela argudiatuta. Haien iritziz, frogen zaintza katea eten egin zen. Arabako Probintzia Auzitegiak, hala ere, atzera bota du helegitea, eta ondorioztatu ez dela aurkeztu zaintza katea eten dela frogatzeko frogarik.
Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren helegiteari dagokienez, auzitegiak aintzat hartu du modu partzialean, eta ebatsi du faltsutzeek agiri ofizialetan izan zutela eragina, eta ez agiri pribatuetan, epaiak adierazi zuen moduan. Ebazpenaren arabera, «grafito faltsuak ordena ofizialean edo administrazio publikoetan eragiteko asmo hutsarekin» egin zituzten, eta, ondorioz, iruzur egitean, piezak eremu publikora eraman zituzten. Hori dela eta, Gilen kontrako isuna ezarri du: sei euro ordaindu beharko ditu egunero, sei hilabetez. 1.080 euro guztira.
Auzitegiak ontzat eman du fiskaltzak eta akusazio partikularrak epaiketaren azken egunean zigor eskaeran egindako aldaketa. Ondarea hondatzea eta iruzur egitea leporatzen zioten hasieran Gili, baina omisio delitua eta dokumentuak faltsutzea ere egotzi zioten azken momentuan. Horrek zirrikitu bat ireki zuen Gili erantzukizunak eskatzeko, piezak berak zuzenean faltsutu zituela frogatu beharrik gabe.
Hamalau urteko bidea
Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpenarekin, itxitzat eman daiteke Iruña-Veleiaren auzibidea, erabakiaren kontrako ezelako helegiterik jartzeko bidea ixten duelako. Zigorrak irmoak dira orain, nahiz eta epaiak ez zuen argitu nor izan zen faltsutzeen egile materiala eta noiz eta nola egin zituzten faltsutzeak.
Horrela, epaitegiek amaitutzat jo dute 2006ko ekainaren 8an Iruña-Veleiako aztarnategian egindako ezohiko aurkikuntzekin hasitako bidea. Orduan, Iruña-Veleiako ikerketa taldeak III. mendeko kalbario baten aurkikuntzaren berri eman zuen, eta «munduko zaharrena» zela iragarri; egun batzuk geroago, etxe baten zimenduetan aurkitutako euskarazko hitzak III. eta VI. mendeen artekoak zirela jakinarazi zuten Henrike Knorr eta Joakin Gorrotxategi filologoek. 2008ko azaroan, berriz, idazkunak «faltsuak» zirela ondorioztatu zuen Arabako Foru Aldundiak osatutako batzorde zientifiko batek, eta, handik hilabete batzuetara, aztarnategiko arduradunen kontrako kereila jarri zuen diputazioak.
2020ko otsailaren 3an hasi zen Iruña-Veleiari buruzko epaiketa, Gasteizen, aurkikuntzak iragarri eta ia hamalau urtera.