'Davalor auzia'

Mikel Irujok ordezkatuko du Manu Aierdi

Aierdik oraindik ez du dimisioa eman, baina Geroa Baik iragarri du nork hartuko duen haren lekukoa 

Mikel Irujo, urrian, Nafarroako Parlamentuan Next Generation egitamoari buruzko batzordera sartu aurretik. IñIGO URIZ / FOKU
2021eko urtarrilaren 28a
12:56
Entzun

Manu Aierdik oraindik ez du pausoa eman, baina Noticias taldeak aurreratu du jada nork ordezkatuko duen Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Departamentuan. Mikel Irujok hartuko du kargua, orain arte Kanpo Ekintzako zuzendari izan denak. Geroa Baikoek baieztatu dute albistea, baina ikusteko dago ea iragarpen horrek esan nahi ote duen Aierdik dimisioa emango duela aurki.

Irujo Nafarroako Gobernuaren Bruselako bulegoko arduradun izan zen iragan legealdian. Legealdi honetan, Kanpo Ekintzako zuzendari izan da Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan. Dena den, esperientzia horretan guztian gai ekonomikoak jorratu ditu, eta, batik bat, Europako Batasuneko Next Generation laguntza programaren prozedura administratiboa gertutik zaindu du, Aierdik ere egin bezala —BERRIAk urrian Next Generation programari buruz egindako erreportajean, hain zuzen ere, biek hitz egin zuten horri buruz Nafarroako Gobernuaren izenean—. Datozen hilabete eta urteetan funtsezko kontua izango denez, baliteke hori izatea ordezkapenaren arrazoi nagusia.

Pello Irujo jeltzale historikoaren semea da, eta Venezuelan jaio zen, 1972an, erbestean. Zuzenbide ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta, ondoren, Europako Zuzenbidean espezializatu zen EHUn, doktoretza eginda. Lehen urteetan, Aranzadi argitaletxean lan egin zuen, eta, 2000ko hamarkada hasieran, aholkulari lanetan ibili zen Europako Parlamentuan. 2007tik 2009ra bitartean, berriz, EAko europarlamentari izan zen. 2015ean, sartu zen Nafarroako Gobernuan, Uxue Barkosen agintaldian, Bruselako bulegoko arduradun gisa.. 

Aierdi epaitegira joan da

Aierdik oraingoz ez du dimisiorik eman, Arratsaldean, Iruñeko epaitegira zuzendu da eta han, Gorenak iragan asteko autoan zehaztu bezala, bere eskubideak irakurri dizkiote.

Politikoki egoera zailean dago.14/2014 foru legeko 68. artikuluak adierazten duenez, ez da bateragarri kargudun publiko bat izatea eta auzibide batean ikertua izatea. Abenduaren 14an, UPNk ekainean jarritako kereila bati bide emanez, Auzitegi Gorenak auzia ireki zuen. 2015etik 2017ra bitartean, Sodena arrisku kapitaleko sozietateak Davalor enpresari 2,6 milioi euro eman zizkion, baina, inbertsio hura gaizki atera zenez, Sodenako arduradun nagusi gisa, prebarikazioa eta diru publikoa xahutu izana leporatzen zaio Aierdiri kereilan. Beste urrats bat eginez, iragan astean, Andres Palomo del Arco Goreneko magistratuak diligentziak ireki zituen, eta Aierdiri ikertu gisa, auzia bera igorri eta bere eskubideen berri eman zion. Aldez aurretik, Aierdik ohartarazi zuen Gorenak ikertutzat jotzen duenean kargua utziko duela, baina, Nafarroako Gobernuaren irudiko, oraindik ez zen hori gertatu.

Eztabaida juridikoa dago ea noiz izango den Aierdi ikertu: magistratuak bidalitako auto horrekin aski den, edo ikertu gisa deklaratzera deitzen duenean. Bitartean, gerta daiteke magistratuak auzia artxibatzea ere, nahiz eta orain arte emandako bi pausoek kontrakoa aditzera ematen duten. Gobernuko zerbitzu juridikoak auzi hori aztertzen ari dira, jakin nahirik zehazki noiz den kereilaren helburua ikertu. Javier Remirez presidenteordeak gaur Parlamentuan adierazi du gobernuaren zerbitzu juridikoen irizpideak hartu dituztela aintzat uneoro eta Navarra Sumari, kontu honetan, «jarrera arduragabea» izatea leporatu dio.

Kereilaren bultzatzaile UPNk  azpimarratu du jada ikertua dela eta dimisioa eman beharko lukeela . Horrez gainera, Maria Txibiteri foru legea ez betetzea leporatu dio. Astelehenean, esaterako, Javier Esparzak ohartarazi zuen «Aierdi auzia» «Txibite auzia» bilakatu dela. Aitzitik Txibitek ihardetsi zion Aierdik «berariazko jakinarazpena» jasotzen duenean, emango duela dimisioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.