Tortura

Torturarengatik zigorturiko Corbi koronelak Guardia Zibila utziko du, Accionara joateko

Lau urteko kartzela zigorra ezarri zioten Kepa Urra torturatzeagatik, baina PPk indultua eman zion, eta Guardia Zibilaren UCO taldeko burua izan zen. 2018an kargu hori kendu zion Fernando Grande-Marlaskak.

Sanchez Corbi, Espainiako kongresuan PPren finantziazioaren inguruan gadekatu zutenean, 2017ko azaroan. EMILIO NARANJO / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 27a
20:24
Entzun

Manuel Sanchez Corbi Guardia Zibilaren koronelari lau urteko espetxe zigorra ezarri zion Bizkaiko Auzitegiak 1997an, Kepa Urra torturatzeagatik. Zigorrak zigor, erakundeko UCOko koronelburu izendatu zuten, eta Jose Maria Aznarren gobernuak (PP) indultua eman zion 1999an. Guardia Zibila utziko duela jakinarazi du orain, Acciona enpresan eman dioten postu bat hartzeko. Konpainiak batez ere energia berriztagarrien alorrean egiten du lan, eta, besteak beste, Nafarroako hainbat parke eoliko ustiatzen ditu.

Ez zuen garairik gozoena Corbik Guardia Zibilean. 2018ko abuztuan, UCOko buruaren kargutik kendu zuen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak, harenganako konfiantza galdu zuela argudiatuta. Izan ere, Corbik bere ardurapeko unitatearen jarduna behin-behinean eteteko agindu zuen, Espainiako Gobernuak Erreserbatutako Gastuen Funtsak izoztu zituela argudiatuta. Marlaskak gastuen inguruko datu sekretuak zabaltzea leporatu zion orduan, eta auzitegiek ontzat eman zuten hura agintetik kentzeko erabakia.

Geroztik, Guardia Zibilaren Babes eta Segurtasun taldeko buru izan da Corbi. Gaur esan duenez, otsailaren 15ean utziko du Guardia Zibila.

Corbi Guardia Zibileko goi kargudun izendatu izanak protestak eragin zituen Euskal Herriko alderdi abertzaleen artean. Koronela Espainiako Kongresuan izan zen 2017ko azaroan, PPren finantzaketa ikertzeko batzordean. Oskar Matute EH Bilduko diputatuak torturengatik zigortu zutela gogorarazi zion.

EAJk, berriz, kargu hartu zion Mariano Rajoyren gobernuari (PP) Sanchez Corbi koronelburu mantentzeagatik. Liburu bat aurkezteko egin zuen elkarrizketa batean, Corbik adierazi zuen «ETAkoak, Batasunakoak, EAJkoak eta euskal Eliza» izan zirela ETAren kontrako borrokan «gaiztoak».

Sanchez Corbirekin batera, beste hiru guardia zibil inputatu zituzten Kepa Urra torturatzea leporatuta. Horien artean, Diego Perez de los Cobos. Azken hori izan zen Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferenduma eragozteko operazioan Espainiako Gobernuak segurtasun indarren koordinaziorako izendatu zuen arduraduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.