Futbola

Lezamak, mende erdi

Athleticen kirol instalakuntzek 50 urte bete dituzte gaur, eta klub zuri-gorriak ekitaldia egin du hori gogoratzeko. Athleticen historian eta filosofian Lezamak izan duen garrantzia azpimarratu dute.

ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 27a
16:47
Entzun

50 urte beti ditu Lezamak, Athleticen harrobiaren harribitxiak. Gaurko egunez duela mende erdi egin zen lehen entrenamendua bertan. Eta urteurren seinalatu hori gogoratzeko, ekitaldia egin du talde zuri-gorriak gaur goizean Lezaman bertan. COVID-19a tarteko, txikia, baina esanahi handikoa. Bertan izan dira Lezaman egiten den lanaren adibide izan diren hainbat ikur: Jose Angel Iribar, Santi Urkiaga eta Julen Guerrero; baita Athleticek maila gorenean dituen bi taldeetako teknikariak eta kapitainak ere: Iker Muniain, Erika Vazquez, Marcelino Garcia eta Iraia Iturregi. Gainera, Lezamako eraikin berria inauguratzeko ere baliatu dute ekitaldia.

Aitor Elizegi presidenteak hartu du lehenbizi hitza, eta Lezamako kirol instalazioak sortzeko egitasmoa abian jarri zuen pertsona ekarri du gogora: Jose Maria Oraa: "Aitzindari bat izan zen, orduan ez baitziren ohikoak kirol hiriak. Lezama gure fitxaketarik onena izan da".

Iribarrek beste izen bat ekarri du gogora: Piru Gainzarena. "Hark azaldu zion klubari gazteak erakartzeko eskola bat sortu beharra zegoela". Ondoren etorri zen, Oraaren eskutik, Lezaman lur zati batzuk erosi eta proiektua abian jartzeko erabakia. "Munduari harro erakusteko zerbait izateaz gain, hau gabe ezinezkoa izango zen Athleticek hainbeste urtez eutsi dion filosofia mantentzea".  Urkiagaren arabera, Lezama "erreferente"  bat da. "Hemen lan egiten duen jendeari balio handia emango nioke. Izan ere, haiek dira belaunaldiz belaunaldi klub honen balioak eta filosofia transmititzeko zubi lana egiten dutenak". Antzeko iritzia du Guerrerok. "Futbolari moduan ez ezik, pertsona moduan hezten zaituzte hemen, eta familia bat izaten erakusten dizute. Hori erabakigarria da une zailetan. Gure harrobiak historia handia du, eta hori abantaila bat da".

Emakumeen eta gizonezkoen futbolaren artean izan den aldea ekarri nahi izan du gogora bere testigantzarekin Erika Vazquezek: "Hona iritsi nintzen lehen egunean gehien harritu ninduena izan zen aldagela propio bat genuela. Athletic erreferente bat izan da emakumeen futbolean, eta asko zaindu gaituzte beti, profesionalizazioaren bidean urratsak egitearekin batera. Emakume futbolariontzat, Lezama paradisu bat izan da".

Iker Muniainek azaldu du zein izan zen Lezamara iritsi zenean erakutsi zioten gauzarik garrantzitsuena: "Batez ere, Athleticen elastikoa jartzeak zer ardura dakarren erakusten dizute, eta, horri lotuta, funtsezkoak diren hainbat balio: anbizioa, lana, umiltasuna, leialtasuna, esfortzua, ahalegina, inplikazioa eta konpromisoa. Lortu dugun azken Superkopa balio horien guztien isla da".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.