EUSKAL PRESOAK

Kimioterapia hartzeari utzi dio Antton Troitiñok

Etxerat-ek jakinarazi duenez, tratamendua ez da «bideragarria» espetxeko baldintzekin, eta abokatuari jakinarazi dio ez duela gehiago hartuko aske uzten duten arte. Espainiako Auzitegi Nazionalak Donostiako euskal presoa baldintzapean aske uzteko agindu zuen atzo, baina preso segitzen du.

Antton Troitiño, 2018an, Espainiako Auzitegi Nazionalean. EFE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 27a
11:59
Entzun

Etxerat-ek jakinarazi duenez, Antton Troitiño euskal presoak utzi egin dio bere gaixotasunari aurre egiteko «aringarritzat» zuen kimioterapia hartzeari. Izan ere, presoen senideen elkartearen arabera, tratamendua ez da bateragarria espetxeko baldintzekin: «Ez zaio batere bideragarri egiten tratamendua jarraitzea, bai animoan, bai fisikoki, espetxeratze baldintzak gaindiezinak direlako».

Etxerat-ek jakinarazi du euskal presoaren osasun egoera «nabarmen okertu» dela azken egunotan: «Estremerako espetxetik ospitalera lau aldiz eraman dute kimioterapia hartzera, ondoren espetxera itzularaziz. Baldintza desegoki eta gogorretan dago presoa: ordu eta erdiko ibilbidea egin behar du ospitalera joateko eta beste horrenbeste bueltatzeko, ez du dieta egokirik hartzen eta medikazio falta du». Etxerat-en arabera, horregatik erabaki du kimioterapiari uko egitea, aske uzten duten arte, «gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko, eta bere senideengandik hurbil».

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzoko egunez izenpetu zuen Troitiño baldintzapean aske uzteko autoa, baina oraindik Estremerako espetxean dago presoa, eta baliteke heldu den astera arte ez libratzea, autoa irmo egin arte —tartean fiskalak helegitea jartzeko aukera du, eta bortz eguneko tartea du horretarako—.

Etxerat-ek salatu du «larria eta onartezina» dela gertatzen ari den «labirinto burokratikoa», presoaren egoera «oso delikatua» dela kontuan hartuta. Izan ere, dagoeneko bi aste igaro dira Espainiako Auzitegi Nazionalak presoa askatzeko lehen agindua eman zuenetik. Presoari hirugarren gradua ematea ebatzi zuen lehenik, eta ondoren baldintzapean aske uztea. Aldaketak luzatu egin du prozedura, eta Etxerat-ek salatu du ez direla kontuan hartzen ari presoaren osasun egoera: «Emandako autoen irmotasuna deklaratzeko behar diren epeak mantentzen ari dira Troitiñoren osasun egoera kritikoa baloratu gabe». Larriki eri den euskal presoa «berehala» aske uzteko eskatu du elkarteak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren bi autoetan adierazten den bezala: «Ezin da onartu presoa oraindik espetxean egotea».

Bizi baldintza eta tratu «duinak» galdegin ditu Etxerat-ek, berriz ere, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu die larriki eri diren hamazazpi presoak aske uzteko, baita 65 urtetik goitikoak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.