Udazkenean iragarritakoa gaur bete da. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak urrian iragarri zuen Ertzaintzaren kontrol eta gardentasun batzordea eratuko zuela. Batzordeak «Poliziaren esku hartzeetan pertsona bat hiltzen edo zauritzen bada» gertaturikoa aztertuko duela azaldu zuen. Gaur osatu da batzordea, eta horren sei kideak izendatu dituzte.
Gaurko bileran, batzordekideak agurtu ditu Erkorekak, eta eskerrak eman dizkie batzordean parte hartzeagatik. Adierazi dienez, batzordeak gertaerak ikertuko ditu «Polizia zaintzak dirauen bitartean norbait hil edo larri zauritu bada». Horrez gain, «jardunbide egokiak gomendatu ahal izango ditu, eta Poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen eta errepikatu egiten diren jokabide patroiak eta jardunbideak identifikatuko ditu», Jaurlaritzaren oharraren arabera. Poliziarekiko «konfiantza eta zilegitasuna» indartu nahi dute herritarren artean, haren kontrol «objektibo» eta «neutral» baten bitartez.
Javier Hernaez Manrique abokatua da izendatu duten batzordekide zerrendako lehena. Ondoren datoz Estefania Okariz Passevant, Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea; Jose Antonio Nieto Anton ertzaina; Miren Ortubai Fuentes abokatu, kriminologo eta EHUko irakaslea; Joaquin Gimenez Garcia epailea (Espainiako Auzitegi Goreneko kidea izan zen 1998tik 2017ra), eta Ricardo Egiguren Mendieta Leioako udaltzainburua (Bizkaia).
Erkorekak argi utzi zuen urrian batzordeak ez dituela iraganeko auziak ikertuko.