Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariaren etorkizuna airean da. Sodenak Davalorri 2,6 milioi euro maileguan ematerakoan prebarikazio eta diru publikoen xahutze deliturik egon ote zen argitu nahi du Gorenak. Autoan, Goreneko magistratuak «ikertu gisa» dituen eskubideen berri eman dio Aierdiri. Nafarroako Gobernuak berretsi du Gorenak ikertu gisa hartzean utziko diola Aierdik kontseilari izateari: «Autoa ezagututa, baldintza hori ez da bete», Nafarroako Gobernutik adierazi zutenez, eta ildo horri eutsi dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Navarra Sumak Aierdiri buruz galdetu dionean legebiltzarrean.
Txibitek esan du ez dela bere gobernuaren ardura kudeaketa hura: «Ez dagokigu guri deliturik izan zen edo ez kalifikatzea, baizik eta epaileei». Dena den, argitu du Aierdik komunikazio hori jaso bezain pronto utziko diola kontseilari izateari, «eta egun batzuetako kontua da une hori iristea»
Navarra Sumak Txibiteri egotzi dio Aierdi babestea, eta lehenbailehen kargugabetu beharko lukeela esan dio. Navarra Suma ez beste alderdi guztiek Txibiteren prozedura babestu dute, eta Aierdik garaia heltzen denean dimisioa emango duela hitzeman duenez, prozedura horri heldu diote.