Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren osteko agerraldian izan dira gaur Iñigo Urkullu lehendakaria, Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Javier Hurtado Turismo sailburua. Lehendakaritzaren egoitzan egin dute agerraldia. Santa Marina eta Basurtuko ospitaleetako zuzendari ohiek protokoloa hautsi eta COVID-19aren aurkako txertoa jaso izanak sortutako zurrunbiloaz mintzatu da lehendakaria, eta adierazi du «pena, tristura eta amorrua» sortzen dizkiotela horrelako jokabideek, eta ez dela garaia «interes pertsonalak» lehenesteko. Hala, exijitu egin du protokoloak zehazten duena betetzea, eta hitzeman du ahalik eta «zorroztasun» eta «gardentasun» handienarekin kudeatuko dituela txertaketarekin gertatutako guztia. Osasun sailburuari ere galdetu diote txertaketari buruzko auziaz, baina hark esan du Eusko Legebiltzarrean azalpen guztiak emango dituela bihar, eta ez du argibide gehiagorik eman nahi izan. Nolanahi ere, galdetu diote ea bigarren dosia emango zaien protokoloa hautsita txertoa hartu dutenei, eta Sagarduik azpimarratu du txertoaren lehen dosia hartu duten guztiek bermatuta daukatela bigarrena jasotzea.
Bilakaera epidemiologikoaz aritu da Osasun sailburua, eta erietxeen gaineko presioaz kezkatuta agertu da. Esan du ospitaleetako presioa azkarrago handitzen ari dela aurreko olatuan baino, eta espero dela bai solairuetako eta bai ZIUetako presioak gora jarraitzea datozen egunetan. «Egoera larria eta kezkagarria da». Azaldu du bertan behera utzi behar izan dituztela Galdako, Basurtu eta Txagorritxu ospitaleetako zenbait ebakuntza.
Gainera, Erresuma Batuan atzemandako aldaeraren 24 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Sagarduik jakinarazi duenez. Oraingoz asko hedatu ez bada ere, espero dute ondorengo egunetan «pixkanaka» handitzea horien eragina, gertuko beste leku batzuetan eta Europako herrialde askotan gertatzen ari den bezala.