Philippe Le Moing Surzur izanen da Baionako suprefeta ondoko urteetan. Asteburuan iritsi zen Lapurdiko hiriburura, eta gaur egin du bere burua aurkezteko agerraldia prentsa aitzinean. «Ez dut lurraldea ezagutzen», adierazi du, argi eta garbi, eta erran Euskal Herrira etortzen den lehen aldia dela. Ez du «deskubritu berri dituen» dosierren edukian sartu nahi izan, «goizegi» delako, baina «pozik» agertu da bere izendapenaz, eta «lurraldearen errealitatea» ezagutzea «berantetsia» duela erran du.
Sortzez Bretainiakoa da 56 urteko gizona. Nekazaritzako ingeniaria da, formakuntzaz, baina, zenbait urtez agroindustrian lanean aritu ondotik, Administrazioaren Frantziako Eskolako konkurtsoa pasatu zuen. Bi urtez Frantziako Ekonomia ministerioan ibili ondotik, Barne ministerioarentzat lan egin du gaur arte, nagusiki suprefeturetako kabineteetan. 2013tik Krisien planifikazio eta kudeaketaren azpizuzendaritzan zegoen, eta, hortaz, 2015ean Parisen izan ziren atentatuen kudeaketan parte hartu zuen.
Asteburuan iritsi zen Euskal Herrira, eta, beraz, ez du sartu nahi izan kudeatu beharko dituen dosierren mamian . «Goizegi da, orain ari naiz deskubritzen. Badakit badirela aspaldiko gaiak, hala nola itsas hegiaren higadura, eta ,noski, COVID-19a ere kudeatu behar da». Lurraldearen «aberastasuna» aipatu du, itsasoa eta mendia, eta, hirigunea eta barnealdea biltzen dituelako.
Herve Jonathan aitzineko suprefetarekin mintzatzeko aukera izan du, eta Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin ere bildu da. «Badakizue zer gai lantzen dituen Baionako auzapezak, pentsa dezakezue aipatu dizkidala». Mamirik ez, aipamenak. Mugako zortzi pasabideen itxieraz galdetu diote kazetariek, «entzun dut gaia aipatzen»; hizkuntza, kultura eta lurralde aldarrikapenez galdera: «lurraldea dimentsio horietan guztietan ezagutzeko gogoa dut. Nortasun handiko lekua da». Behin eta berriz errepikatu du: ez du Euskal Herria ezagutzen.
Estatuaren ordezkari
«Eric Spitz prefetaren ordezkaria naiz, Baionako barrutian; estatua ordezkatzen dut». Bere lekua zein izanen den nabarmendu du Le Moing Surzurrek: departamenduko prefetak finkatzen du koadroa, bera bigarren mailan da, eta urte batzuen buruan, etorri bezala joanen da. «Garrantzitsua da erregularki aldatzea, bestela, lurraldea ongiegi ezagutzen duzu, eta ongiegi ezagutzen zaituzte. Erregularki aldatzea beharrezkoa da, interes publikoa ongi ordezkatzeko».