Eusko Jaurlaritzaren Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoak (Labi) ostiralean hartutako neurri murriztaile berrien dekretua larunbatean argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Neurri berriak gaur sartuko dira indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, larunbatean sartu ziren indarrean Nafarroako Gobernuak asteartean iragarritako neurri murriztaileak. Ostalaritzari eta talde bilkurei eragiten dizkiete neurri berri horiek.
Hona hemen Hegoaldeko bi gobernuek hartutako neurri berrien laburpena:
ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOA
Udalerrien itxiera
Gaurtik aurrera udalerri guztiak itxi egingo dituzte, eta ezin izango da norbera bizi den udalerritik atera, eremu gorrian izan ala ez. Ez da salbuespenik egingo eta, beraz, galarazita egongo da ondoko udalerrira joatea. Udalerritik atera ahalko da, soilik ezinbesteko jarduerak egiteko bada: besteak beste, osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko. Salbuetsita egongo dira baimendutako kirol-entrenamenduetarako eta lehiaketetarako beharrezko lekualdatzeak egitea.
Lekualdaketaren arrazoia justifikatu beharko da erantzukizunpeko adierazpenaren eredu batekin, beste modu batetik justifikatu ezin bada.
Ostalaritza
Ostalaritza irekita egongo da, gaur egun indarrean dituen muga berberek baldintzaturik. Hau da, 20:00etatik 06:00etara itxita egon beharko dute. Eremu gorrian dauden herrietan, ordea, ostalaritza itxita egongo da, orain arte bezala.
Jende topaketak
Taldean gehienez lau pertsona elkartu ahalko dira, eremu publikoan nahiz pribatuan (orain arte sei lagun elkartu ahal ziren gehienez). Gaur argitaratu dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian neurri berriak, eta hor berritasun bat ageri da: gomendio gisa jaso dute espazio pribatuetan bizikidetza unitateko kideak bakarrik elkartzea.
Tabernetako eta jatetxeetako mahaietan gehienez lau lagun eseri ahalko dira. Eta txokoetan eta elkarte gastronomikoetan ere indarrean sartuko da gehienez lau pertsona elkartzeko araua. Txoko eta elkarte gastronomikoen barruko gehienezko edukiera erdira murriztuta dago gaur egun, baina horrez gain, dekretuak gaur zehazten duenez, astelehenetik aurrera mahai bakoitzean gehienez lau pertsona elkartu ahal izango dira eta ezin izango dira mahaiak elkartu talde handiagoak egiteko. Ostalaritzan ere neurri bera indarrean egongo da.
Maskararen erabilera
Dekretuan aldaketa bat dago kirol jardueretan maskararen erabilerari buruz. Orain arte bezala, kirol jarduera orotan nahitaezkoa da maskara erabiltzea, baina aurreikusitako salbuespenetan berritasunak badira: maskara ez da derrigorrezkoa izango lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden entrenamenduetan eta lehiaketetan. Horrez gain, orain arte bezala, kirola eremu naturaletan, hirigune periferikoetan eta igerilekuetan egiten denean ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea.
Eremu gorriko udalerriak
Eremu gorrian daude udalerrietan joan-etorriak mugatuta daude, eta gaurtik aurrera hala izaten jarraituko du, baina baita eremu gorrian ez dauden udalerrien kasuan ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri guztiak itxita egongo dira etzitik, eremu gorrian egon ala ez. Zein ezberdintasun egongo da orduan eremu gorrian dauden eta ez dauden udalerrien artean? Bada, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500 positibotik gora duten udalerriek ostalaritza, eta joku eta apustu etxeak itxi eta eskola kirola bertan behera utzi beharko dutela. Astelehenero eta ostegunero Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eguneratu egiten du eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda hori.
Indarrean jarraitzen duten beste neurri batzuk:
Lurraldeak itxita
Udalerritik ez ezik, ezin da norbera bizi den lurraldetik atera, eta ezin da beste probintzia batera joan: arabarrak Araban soilik mugitu ahal dira, bizkaitarrak Bizkaian zehar, eta gipuzkoarrak, Gipuzkoan. Probintziatik atera ahal da, bakarrik ondorengo kasuetan eta behar bezala justifikatuta badago: osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko.
Taldeko kirola
Hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, federatu gabeko kirol jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal da, aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean sei laguneko taldeetan gehienez ere.
COVID-19aren kasu positiboen azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratuko da taldeko kirol jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak, gimnasioetan, kirol klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan.
Kirol federatua
COVID-19aren kasu positiboen azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, lehiaketa profesionalean eta federatuan murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak egin ahal izango dira.
COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratuko da taldeko kirol jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak.
Etxeratze ordua
Orain arte bezala mantentzen da: 22:00etatik 06:00etara.
NAFARROA
Ostalaritza
Larunbatetik ezin da tabernen eta jatetxeen barruko aldeetan kontsumitu. Terrazak, ordea, irekita daude; itxiera ordua 21:00etan mantentzen da, eta etxez etxeko zerbitzua, 22:30ean.
Bilkurak
Espazio pribatuetako bilkuretan murrizketak egin dituzte, eta elkartze horiek, bi bizikidetza unitatekoak izan beharrean, bakarrekoak izango dira. Salbuespen batzuk ere badira, ordea; hala nola menpeko pertsonei dagozkienak.
Gainerako neurriak, berdin:
Etxeratze ordua
Gainerako neurriak ez dira aldatu eta berberak dira, besteak beste, etxeratze ordua 23:00etatik 6:00etara da.
Nafarroa itxita
Nafarroak itxita jarraituko du: lanagatik, ikasketengatik edo senide baten zaintza arrazoiengatik izan ezean, ezin da Nafarroan sartu edo handik atera.
Ostalaritza
Taberna eta jatetxeetako terrazetako edukieran ez dago murrizketarik. Ostalaritzak 21:00etan itxi behar du.
Merkataritza
Hipermerkatuek, saltoki ertain eta handiek eta merkataritza guneetako establezimenduek ezin dute gainditu edukieraren %30. Saltoki txikietan gehienezko edukiera % 50ekoa da.