Argazki bateratu batekin eman nahi izan diote amaiera lau urteotako ibilbideari. Lehen aldiz jendaurrean, auziari buruzko gogoeta plazaratu dute Altsasuko gazteek, eta haiekin batera izan dira urteotan haien alde lan egin duten Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformako ordezkariak, Iruñean. Adur Ramirez de Aldak «ziklo bat ixteko» garaia dela azpimarratu du, eta orain arte jasotako elkartasun guztia eskertu. Azpijokoaren arduradunei adierazi diete eurei, senideei eta altsasuarrei sufriarazi egin badiete ere ez dutela lortu euren izpiritu gaztea hiltzea eta Altsasuko herria suntsitzea: «Lortu duten gauza bakarra elkartu eta gaur hemen Inoiz baino indartsuago egotea izan da».
Lau urte eta hiru hilabete iragan dira 2016ko urriaren 15eko goizalde hartatik, eta lehen aldia izan da komunikabideen aurrean azaldu direla auziperatutako zortzi gaztetatik sei —Ramirez de Alda, Jokin Unamuno, Oihan Arnanz, Iñaki Abad, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo—. Haien izenean hartu du hitza Ramirez de Aldak. Espetxe erregimeneko baimenen bidez «erdi askatasuneko» egoera batera heldu direla azaldu du, eta gaineratu ez daudela libre, kalean egon arren. Horren adierazle, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxeak oraindik ere gauero itzuli behar izaten dute espetxera lotara. «Gaur, beren ziegetatik telebistan ikusiko gaituztela jakitun, animoak eta besarkada bana bidaltzen dizkiegu»
Prozesua «luzea eta gogorra» izan da, eta aukera izan dute gertutik ezagutzeko espetxeen errealitate lazgarria. «Estatuko hainbat kartzela ezagutu ditugu, eta errealitate bidegabeak pairatu, hala nola sakabanaketa, isolamendua edota FIES erregimena». Gogoan hartu dute oraindik ere «dozenaka eta dozenaka pertsona» egoera horretan daudela, «beren etxeetatik ehunka kilometrotara eta baldintza latzetan».
Ramirez de Aldaren arabera, Euskal Herrian izan diren polizia azpijokoetako bat izan da eurena, baina «arrazoi batengatik edo bestearengatik» beste kasu batzuek gainditu ez dituzten mugak iragan ditu Altsasuko auziak. Gazteak azaldu du preso inoiz egon behar ez luketela uste arren tarte horretan jasotako elkartasuna eta eginiko mobilizazioak «lorpen bat» izan direla. «Horma artetik atera gaituen herriaren eta jendearen konpromisoaren, elkartasunaren eta konpromisoaren lorpena», zehaztu du. Hala, gertaerak sortutako haserrea mobilizaziorako indar bihurtu dela uste du.
Bide horretan, eskerrak eman dizkie Altsasuko herritarrei, gezur eta erasoei aurre egin dietelako, baita Euskal Herrian eta handik kanpo, «batik bat Katalunian» haserrearen aurrean mobilizatu diren guztiei ere. Alta, bereziki zortzi gazteen gurasoek eta Altsasuko herri plataformak egindako lana goraipatu du. «Sufrimendua borroka bihurtzen jakin zuten, amorrua konpromiso, eta haserrea gizartearen zati handi baten justizia eta askatasun nahi. Izugarrizko harrotasuna eta esker ona sentitzen dugu, inoiz ahaztuko ez duguna». Haren ustez, «lan hori izan da jaso dugun elkartasunaren oinarria».
Bidegabekeriaren aurrean, Altsasuko auziak alde on eta baikor bat utzi du, baina, bere hausnarketan, alde ilunari ere erreparatu dio Adur Ramirez de Aldak, eta azpijokoaren arduradunei hitz batzuk zuzendu dizkie. Auzia Guardia Zibilaren eta hainbat komunikabideren lan planifikatua izan zela deritzo: «Estolderia, Covite, fiskal eta salbuespenezko auzitegiak eta hauteskundeei begira inposaturiko bertsioa zabaldu eta txalotzen zuten politikariekin harreman estuak dituzten komunikabideak. Horiek guztiek lagundu dute kasutik haragoko interesen araberako azpijokoa sortzen, eta, egia gutxi axola izan zaie». Ramirezek haiei adierazi die sufriarazi egin badiete ere ez dutela lortu eurak suntsitzea, ez eta Altsasuko herria ere.
Gurasoen esker ona
Igone Goikoetxeak, gurasoen izenean, azaldu du Altsasuko auzia fase berri batean sartu dela, ez baita 2025era arte amaituko —orduan amaituko da azken zigorra—. Lau urteotan bizitakoa izan du gogoan: «Bidegabekeria ikargarria izan da, eta erabateko botere abusua». Horren aurean atzera begiratu gabe une oro umiltasunez eta erabakitasunez lan egin dutela nabarmendu du, eta halaxe iritsi direla egungo egoerara. Orain, helegiteak aurkeztu dituzte Estrasburgon, eta, errekurtsoa onartzen bada aurrretik beste urte askotako borroka judiziala izango dutela uste du.
Urteotan, «bidegabekeria salatzeko asmoz», ate guztietan jo dute: kulturako, arlo juridikoko eta gizarte arloko pertsonen manifestua bat onartu zuten, Espainiako Kongresura jo zuten, Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean izan dira, hamaika udaletan ere bai, baita hainbat erakunderekin egindako bileretan ere. Bruselara eta Estrasburgora ere jo izan dute hainbat aldiz, Europako Parlamentura. Dena den, euren indar nagusi mobilizazioak izan direla azpimarratu du, bai astero etenik gabe Altsasun egiten ziren elkarreratzeak, bai eta antolatu izan diren manifestazio jendetsuak: «Baina batez ere kalean izan gara. Ostiralero gure herriak lagunduta, egoerak hala eskatzen zuenean, Nafarroaren historiara pasatuko diren manifestazio izugarriak eginez». Gurasoen izenean guztiei adierazitako elkartasuna eta egindako lana eskertuz amaitu du.
Herri plataformaren hitzak
Herri plataformaren izenean, Idoia Goikoetxeak tabernan gertatutako liskarra Altsasuko herriaren eta gazteen aurka egiteko kriminalizatu izana salatu du. Horiek hala, azpimarratu du euren helburua «muntaiaren aurka egitea eta bidegabekeriari aurre egitea» izan dela. Era berean, nabarmendu dute gertaturikoaren aurrean «inoiz baino batuago erantzun» duela herriak, «zatitu egingo gintuztela» uste arren.
Epaiketari dagokionez, Goikoetxeak azaldu du hura «irabazi» egin zutela, «terrorismo» deliturik egon izana baztertu zelako, baina «epaia galdu», zigorrak izanik horren ondorio. Hala, plataformak uste du «muntaia bultzatu dutenek» ez dituztela lortu euren helburuak. «Gure mobilizazioen argazki historikoek erakusten dute zer-nolako ahalmena izan duten herritarrek bidegabekeriari erantzuteko», esan du herri plataformako kideak.