Euskal presoak

Presoen urruntzearen bilakaera datuetan

Espainiako Gobernuak iragarri dituen azken mugimenduekin Sarek amaitutzat eman du 1989. urtean euskal presoen kontra abiatu zen urruntze eta sakabanaketa politika, 34 urteren ondoren. Frantziako Estatuak egin zuen euskal presoak hurreratzeko lehen pausoa, eta Espainiak geroago ekin zion. Mapa eta grafiko interaktibo hauekin, euskal presoekin egin diren mugimenduak jarraitu ditu BERRIAk bost urtez.

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Mikel P. Ansa
2021eko urtarrilaren 22a
23:45
Entzun

2018tik bildu ditu BERRIAk euskal presoen mugimendu guztiak mapa interaktibo honetan, Etxerat-en hilabeteroko txostenak eta kazeta honek jasotako datuak erabilita. Maparen ardatz kronologikoari pausa emanda, data jakin batean espetxe bakoitzean zenbat preso zeuden ikus liteke, zirkuluetan klikatuta. Argi antzematen da zein izan den bilakaera, baita azken bi urteetan ere. 2021eko urtarrilaren 1ean zeuden 224 euskal presoetatik 23 soilik zeuden Euskal Herrian (%10,2). Bi urte geroago dauden 171 euskal presoetatik 136 daude Euskal Herrian (%79,5).

Frantziako Gobernuak 2018ko urtarrilean iragarri zuen Euskal Herritik hurbileneko kartzeletara eramanen zituela haren kartzeletan zeuzkan presoak. Espainiako instituzioak ere preso asko gerturatzen eta Euskal Herriratzen hasi ziren 2020ko udazkenean. Pixkanaka, urrutien zeuden presoak hurbiltzen joan dira, eta 2022. urtearen amaieran 35 baizik ez zeuden kanpoan.

2018ko maiatzean iragarri zuen ETAk bere ibilbidea bukatutzat eman zuela, eta, hilabete geroago, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak erran zuen «bertzelako espetxe politika bat» eginen zuela. Lehendik, 2017ko uztailetik, EPPK-k haren erabakiaren berri emana zuen: presoek espetxe legedian sakontzeko urratsak eginen zituztela iragarri zuen.

Espainiak 2018ko abuztuan hasi zituen lehendabiziko mugimenduak: banaka, binaka, hasi ziren lehen gerturatzeak, apal. Baina Espainiako 2019ko azaroko hauteskundeek eta COVID-19aren pandemiak etena ekarri zuten: 2019ko abendutik 2020ko ekainera ez zuten euskal preso bat bera ere hurbilduko edo Euskal Herriratuko zutenik iragarri. 2020ko ekainetik aurrera, ordea, biderkatu egin dira Euskal Herriratze eta hurbiltze iragarpenak, eta 2021eko uztailerako 600 kilometro baino gutxiagora zeuden ia euskal preso guztiak.

1989. urtean abiatu zen euskal presoen urruntze eta sakabanaketa politika. Alfredo Perez Rubalcabak Espainako Barne ministro zela aitortu zuen moduan, ETAren kontrako estrategiaren barruan zegoen politika hori. Presoak ETAren eraginetik urruntzea zuen asmo. Hala, 2007an, esate baterako, 608 euskal presoetatik 450 Espainiako 51 kartzelatan zeuden eta 153 Frantziako 32 espetxetan. Euskal Herrian hamasei baino ez zeuden (%2,6). 34 urte hauetan euskal presoak bisitatzera zihoazela hamalau pertsona hil dira trafiko istripuetan.

Azken urteetan, baina, erabat aldatu da presoen espetxeen mapa. 2020ko udazkenetik aurrera, Espainiako Espetxe Instituzioak ia astero aritu ziren euskal presoak lekuz aldatuko zituztela iragartzen. Euskal Herriko kartzelak aparte utzita, Euskal Herritik 300 kilometro baino gutxiagora dauden espetxe hauetara eraman zituzten preso asko hasieran: Zuerara (220 kilometrora), Logroñora (105 kilometrora), Soriara (230 kilometrora), Burgosera (180 kilometrora), Dueñasera (255 kilometrora) eta El Duesora (225 kilometrora). Altsasutik kalkulatzen dira distantzia horiek, erreferentzia gisa. Beste preso batzuk, berriz, Darocara (280 kilometrora), Villabonara (390 kilometrora) eta Mansillara (320 kilometrora) hurreratu zituzten.

Hurbildutako edota Euskal Herrira ekarritako preso horietako batzuk libre gelditu dira, bestalde: izan ere, zigorren zati handiena betea dutenak hurbildu zituzten hasieran. Euskal presoen kopurua jaisten ari da, edozein moduz. 2018 amaieran, euskal presoak 309 ziren (300 EPPK-koak); 2019 amaieran, 275 (260 EPPK-koak); 2020 amaieran, 224 (210 EPPK-koak); 2021 amaieran, 201 (189 EPPK-koak); eta 2022 amaieran, 171 (156 EPPK-koak). Mapan eta grafikoetan guztiak ageri dira. Horiez aparte, 2022 bukaeran hamazazpi preso ari ziren etxean zigorra betetzen.

Bestalde, Espainiako Espetxe Erakundeak bigarren graduak ematen hasi ziren hurbildutako preso batzuei. Kontrara, 2018an lehen graduan zeuden guztiz gehienak, EPPK-koak bereziki. Gradu progresioak lortzeko zailtasunak baldin badituzte ere, egoera aldatzen hasi zen preso batzuentzat.

Etxerat-ek salatu duenez, ordea, 2022. urte amaieran gradu aldaketetan «atzerapausoak» izan ziren. Eusko Jaurlaritzak 2021ean eskuratu zuen espetxeak kudeatzeko eskuduntza. 2022. urte amaiera bitartean 33 presori aitortu die gradu progresiorako eskubidea, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak helegitea jarri die 23ri, espetxe batzordearen iritziaren gainetik eta legezko oinarriak kontuan hartu gabe. Helegitea jarritako 23 horietatik seiri gradua jaitsi diete, eta espetxera sartu dituzte berriro. Beste hamahiru ebazpenaren zain daude.

Frantziako kartzeletan, 2018an aldatu zen egoera. Urte hartako urtarrilean ez zegoen euskal presorik Mont de Marsanen (215 kilometrora). Hilabetez hilabete, kartzela horretan eta Lannemezanen (290 kilometrora) hasi ziren biltzen euskal presoak. 2020 bukaeran hiru laurdenak zeuden bi espetxe horietan, Euskal Herritik gertuen daudenetan. 2022a amaitzean, Mont de Marsanen ez zegoen euskal presorik; Lannemezanen, berriz, 11.

Emakume presoak —bi dira—”€, aldiz, ez dituzte hurbildu Frantziako instituzioek: urrun segitzen dute, eta, gainera, sakabanatuta, Reau eta Naonedeko espetxeetan (Frantzia) —ez dago emakumeentzako modulurik Lannemezanen eta Mont de Marsanen—.

Urteetan euskal preso asko hartu dituzten zenbait kartzelatan orain ez dago euskal presorik, beraz. Fleury Merogis eta Fresnes dira horietako bi, Frantzian. Espainian, Badajoz, Caceres, Monterroso eta Ocañan dagoeneko ez dago euskal presorik, ez eta Puertoko kartzeletan, Herrera de la Manchan eta beste askotan. Andaluziako eta Valentziako kartzeletan ez da euskal presorik 2021eko udatik, ezta Galiziakoetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.