Euskal presoak

Parlamentuko akordioaren garrantzia nabarmendu dute Sarek eta Etxerat-ek

Nafarroan jatorria edo bizitokia duten presoak Iruñeko espetxera hurbiltzearen aldeko mozioa onartu zuten ostegunean PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, eta lurraldeko sindikatu guztiek ere bat egin dute.

Mikel Mundiñano (Sare) eta Xochitl Karasatorre (Etxerat) gaur, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
2021eko urtarrilaren 22a
12:56
Entzun

Atzo, Nafarroako Parlamentuak, gehiengoz, Espainiako Gobernua premiatu egin zuen presoak bizitokitik gertuen diren espetxera gerturatzera. Halaber, jatorria edo bizitokia Nafarroan duten presoak Iruñera gerturatzeko eskatu zuen mozioan, eta horri bide emateko plan bat prestatzea eskatu zion. Akordio hori onartu eta biharamunean, Sare eta Etxerat elkarteek eskerrak eman dituzte egitasmo horren inguruan lortu den «adostasun politiko eta sindikal» zabalagatik.

Izan ere, eskuina salbu, gainerako indarrek bat egin dute proposamenarekin. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurkeztu zuten proposamena, eta PSNk bat egin zuen. Halaber, UGT, CCOO, ELA, LAB, Steilas, ESK, Solidari, Hiru, EHNE, CNT eta CGT sindikatuek ere bat egin dute proposamen horrekin. Mozioak gogora dakar espetxe legediak berak helburu gisa hartzen duela presoen gizarteratzea bultzatzea eta deserrotzea eragoztea.

Sare eta Etxerat elkarteen ustez, akordio hori «garrantzitsua» da, eta bat egiten du «salbuespenezko espetxe politika behin betiko gaindi dadin Nafarroako gizarteak egindako bultzadarekin». Foro Sozialak akordio hori lortzeko «egin duen lana» eskertu dute, halaber. «Sarek eta Etxerat-ek garrantzi handiko egitasmo hau egiten den unearen garrantzia nabarmendu nahi dute». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.