Judizialki, auzibidearen hasiera baino ez da, baina, politikoki, Manu Aierdiren etorkizuna baldintzatu dezake. Andres Palomo Del Arco Auzitegi Goreneko Zigor arloko magistratuak diligentziak eskatu ditu auto batean. Urrats horrekin, epaileak Davalor auzian Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak egindako prebarikazio eta diru publikoen xahutze delituen zantzuak ikertu nahi ditu. Instrukzio fasean egonik ere, Gorenak Aierdi judizialki ikertu gisa hartu du, eta, horri baieztatuz gero, kontseilariak abenduan iragarri zuen dimisioa emango zuela. Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi du Aierdik kargua utziko duela ikertua dela baieztatzen denean. «Autoa ezagututa, baldintza hori ez da bete».
Berez, ekainean UPNk jarritako kereila bati bide emanez, Gorenak abenduaren 14an iragarri zuen Aierdiren aurkako auzia ireki zuela. 2015 eta 2017 artean, Sodena arrisku kapitaleko sozietateak 2,6 milioi euroko maileguak eman zizkion Davalorri, eta erabaki haren arduradun nagusia izan zen Aierdi, Sodenaren presidente baitzen. Davalor 2012an sortutako osasun arloko enpresa teknologiko bat zen, baina ordurako larri zebilen. Dena den, potentzialitate handiko proiektua izanik eta Sodenaren helburu estrategikoa aukera handiko egitasmoak bultzatzea denez, 2015eko udazkenean onetsi zuen Sodenak 1,6 milioi euroko lehen mailegua ematea. Ondorengo bi urteetan, maileguen kopurua zabaldu zen 2,6 milioi eurora arte. Davalorrek porrot egin zuen azkenik, ez baitzen gauza izan inbertitzaileak topatzeko eta teknologia handiko ikusmeneko makinaria merkaturatzeko.
Aierdik parlamentuan hainbat aldiz eman ditu azalpenak horregatik, eta Sodena inbertsio polemikoen inguruko ikerketa batzordea ireki zen iragan legealdian. Alta, UPNk eremu politikotik judizialera jauzi egin d,u eta iazko ekainean kereila aurkeztu zuen, proiektua bideraezina zela jakinik aurrera egin izana leporatuz Manu Aierdiri.
Instrukzioaren lehen fase honetan, gakoa da ea Auzitegi Gorenak Manu Aierdi ikertu gisa hartu duen. Izan ere, Nafarroako 14/2004 foru legearen arabera, auzitegi batek auto batean arduradun politiko bat ikertu gisa badauka eta Zigor Kodeko hainbat delituren zantzuak identifikatzen baditu, politikari horren kargua ez da bateragarria emandako konfiantzarekin.
Abenduan, ez zegoen argi ikertua ote zen, eta, oraingo autoarekin, Del Arco magistratuak Aierdi ikertzeko diligentziak ireki ditu. Era berean, autoaren edukia «ikertuari» bidali diola jakinarazten du, eta Prozedura Kriminalaren legeko 118. artikuluaren arabera bere eskubideen berri eman. Autoan, halaber, magistratuak 10.000 euroko bermea eskatu dio UPNri herri akusazio gisa jardun dezan auzian. Haatik, Nafarroako Gobernuak ez du uste oraindik baldintza hori bete denik.
Esparzak dimisioa eskatu du
Autoaren berri izan eta gutxira, Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako eledunak aldarrikatu du Aierdik «berehala» utzi beharko lukeela gobernua, «gaur bertan». Haren esanetan, Aierdik «ez badu dimisioa ematen edo Maria Txibitek ez badu kargutik kentzen, legea betetzeari utziko zaio». Esparzaren arabera, magistratuaren autoak agerian uzten du zein den Aierdiren egoera auzibide horretan. Horregatik, nabarmendu du ezin diola luzaroan eutsi egungo egoerari: «Txibiteri denbora amaitu zaio, eta ezin du hizkuntza gehiago tolestu».
Ikertua dela baieztatzen denean, Aierdik astebete eskatu zion Txibiteri «egoera aztertzeko eta agurtu ahal izateko». Eskaera horri muzin egiteko eskatu du Esparzak: «Duela aste batzuk eman behar zuen dimisioa, eta denbora nahikoa izan du agurtzeko». Navarra Sumako eledunaren arabera, «akatsa» izan zen Aierdi kontseilari gisa izendatzea, eta «are akats handiagoa izan da karguan mantentzea» auzia ireki zenetik.
Ondorengo orduetan gertatuko denaren zain, Aierdik dimisioa emango balu, auzia Iruñera etorriko litzateke ziurrenik. Izan ere, kargudun publiko bati dagokion izaera juridiko berezia galduta, Auzitegi Gorenak ohiko epaitegi baten esku utziko luke auzia.