Euskal presoak

Kultur eta hezkuntza munduko 30 pertsonalitatek presoen urruntzea amaitzeko eskatu dute

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako izenak daude sinatzaileen artean. «Iraganeko salbuespenezko logikak» gainditzeko eskatu dute.

Carlos Bardem aktore, gidoilari eta idazle espainiarra da sinatzaileetako bat. PABLO MARTIN, EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 21a
10:42
Entzun

Zinema, literatura, arte eta kulturako beste hainbat alorretako 30 sortzailek gutuna sinatu dute euskal presoen urruntzea amaitzea eskatzeko. Itzulerarik gabeko bide berri baten alde izenburupean, «iraganeko salbuespenezko logikak» gainditzeko eskatu dute.

ETAk jarduera armatua eten zuenetik hamar urte igaro direla gogoratzen hasi dute mezua. Bi urte dira erakundea sakabanatu zenetik, baina bizikidetzaren aldeko bidea «prozesu irekia eta oraindik amaitu gabekoa» dela adierazi dute. Nabarmendu dutenez, Euskal Herrian azken urteotan elkarrizketarako gune asko zabaldu dira, gertaturikoa aztertzeko eta bestearen mina ulertzeko. Bizikidetza gune horiek eta normalizazioaren alde emaniko beste hainbat urratsak «erakusten digute euskal gizarteak erabaki duela atzerabueltarik ez duen bide baten alde apustu egin duela». Bide horretatik at inork ez duela geratu behar adierazi dute, ezta «zigorra euren senideengandik eta jaioterritik urrunduriko kartzeletan terrorismo delituengatik zigorturiko pertsona horiek guztiak ere». Pertsona horiek «iraganeko salbuespenezko logikak» pairatzen jarraitzen dutela adierazi dute. «Ez da arrazoirik geratzen salbuespen hori justifikatzeko».

Politika horrek Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenen kontrakoa dela idatzi dute, eta baina Espainiako Konstituzioaren aurkakoa ere, berriz gizarteratzea bakarrik posiblea delako presoak euren gizarte inguruetatik ahalik eta gertuen daudenean.

«Mezu hau sinatzen dugunok eskatzen dugu inor ez uzteko Euskal Herrian irekitzen ari diren errealitate berrietatik at». Salbuespen egoera amaitzeko Madrilen agintean den koalizio gobernua (PSOE-Podemos) egiten ari den ahalegina jarraitu behar duela adierazi dute, preso guztiak «Euskal Herriratzeko prozesua erabat osatu arte».

Horrez gain, presoek gradu progresiorako eta gaitz larriak pairatzeagatik kartzelatik ateratzeko duten eskubideetatik kanpo uzteak ez duela zentzurik nabarmendu dute. Gaia alderdien arteko lehiatik ateratzeko eskatu dute.

Beste herrialdetan eginiko prozesuak ekarri dituzte gogora, eta salbuespenezko espetxe politika gainditzeak bizikidetzari egin dion mesedea nabarmendu dute. «Ez dugu zalantzarik: salbuespenezko politika zaharrak atzera uzteak sendotu egin ditzake Euskal Herrian zabalduriko bizikidetza agertokiak, eta baita geroan beste batzuk  etortzea ere. Koalizio gobernua animatu nahi dugu gaur euren jaioterritik eta senideen bizilekutik urrun terrorismoarengatik zigorra betetzen ari diren pertsona guztiak Euskal Herriko kartzeletara eramateko prozesua burutzera».

Hemen dago Itzulerarik gabeko bide berri baten aldegutuna irakurgai (gazteleraz).

Segidan, gutuna sinatu dutenen zerrenda:

Isaac Rosa (Idazlea da. Besteak beste El ruido del mundo [Extremadura 1936], La habitación oscura eta Feliz final eleberriak idatzi ditu, Adiós muchachos antzezlana, eta Kosovo. La coartada humanitaria: antecedentes y evolución saiakera.

Clara Serra (Pentsalari feminista da, eta Podemosen diputatua izan zen Madrilgo Asanblean, eta gero Mas Madrid alderdian. Besteak beste, Leonas y zorras: estrategias políticas feministas eta Manual ultravioleta liburuak argitaratu ditu).

Javier Gallego Crudo (Kazetaria eta irrati esataria da: Carne cruda irratsaioa zuzentzen eta aurkezten du Radio 3 irratian. Horrez gain, Abolición de la pena de muerte eta Lo llevamos crudo liburuak argitaratu ditu).

Maria San Miguel (Aktorea eta antzerkigilea da. 2008. urtean, Tiempos Modernos konpainia sortu zuen).

Aitor Merino (Aktorea eta zinema zuzendaria da. Asier eta biok dokumenta zuzendu zuen. Aktore gisa La leyenda del hombre lento eta El calentito filmetan egin du lan, besteak beste).

Edurne Portela (Historialaria, irakaslea eta idazlea da. Displaced Memories: The Poetics of Trauma in Argentine Women eta El eco de los disparos: cultura y memoria de la violencia saiakerak idatzi ditu, eta Mejor la ausencia eta Formas de estar lejos eleberriak).

Puy Oria (Oria Films ekoiztetxearen sortzailea da. Obaba filma ekoitzi du, besteak beste, eta, Simone de Beauvoir saria jaso zuen 2019an, XXIV. Zinemakumeak gara! jaialdian).

Montxo Armendariz (Zinema zuzendari eta gidoigilea da. Dozena bat film zuzendu ditu, tartean Tasio, 27 ordu, Historias del Kronen, Secretos del corazon, Obaba eta No tengas miedo).

Sergi Lopez (Aktorea da. Tartean, Harry, un ami qui vous veut du bien, El cielo abierto, El laberinto del fauno, Mapa de los sonidos de Tokio eta Pa Negre filmetan aritu da).

Daniel Guzman (Akorea, gidoilaria eta zuzendaria da. Aktore gisa honako filmetan aritu da, besteak beste: Hola, ¿estás sola?, Barrio, Arena en los bolsillos eta Bajo el mismo techo)

Cristina Fallaras (Idazlea eta kazetaria da. Hainbat telebista saiotan hartu du parte, solaskide gisa. Cuatro katean dabil azken boladan. Besteak beste Las niñas perdidas eta Ultimos días en el Puesto del Este eleberriak argitaratu ditu).

Abel Azkona (Artista eta idazlea da. Ezaguna da lan probokatzailea egiteagatik. Horietako performance batean Pederastia hitza idatzi zuen ostia kontsakratuak erabiliz. Horrengatik auzitara eraman zuen talde katoliko batek. Mehatxu ugari jaso ditu sareetan).

Jaime Pastor (Intelektuala, irakaslea eta politikaria da. Anticapitalistas alderdiko buruetako bat da. Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Madrildarrak plataformako kidea da).

Arantxa Tirado (Politologoa da, Latinoamerikan aditua. Venezuela: más allá de mentiras y mitos saiakera argitaratu du).

Willy Toledo (Aktorea da. Besteak beste honako filmetan aritu da: El misterio Galindez, Intacto, La espalda de Dios, La lengua de las mariposas, La ley de la frontera eta Morirás en Chafarinas).

Daniel Bernabe (Idazle eta kazetaria da. Besteak beste, De derrotas y victorias, La trampa de la diversidad eta La distancia del presente saiakerak argitaratu ditu).

Javier Lezaola(Kazetaria da. Besteak beste, Diagonal, Revista21 eta Pikara Magazine aldizkarietan argitaratu ditu testuak).

Rommy Arce (Politikaria da. Anticapitalistas alderdiko kidea da, eta Madrilgo Udaleko zinegotzia izan zen 2015etik 2019ra).

Marcos Roitman (Irakaslea, soziologoa eta saiakeragilea da. Txiletik ihes egin zuen Augusto Pinocheten diktadurarengatik. Besteak beste, Tiempos de oscuridad: Historia de los golpes de estado en América Latina eta Los indignados: El rescate de la política saiakerak argitaratu ditu).

Federico Mayor Zaragoza (UNESCOko idazkari nagusia izan zen 1987tik 1999ra. Irakaslea da, eta hainbat liburu argitaratu ditu, tartean: The World Ahead: Our Future in the Making, La palabra y la espada, eta Tiempo de acción)

Nuria Alabao (Idazlea, kazetaria eta ikertzailea da Universitat de Barcelonan, eta Feminismos saila koordinatzen du Ctxt atarian).

Nacho Vegas (Abeslari-kantugilea da. Manta Ray taldeko sortzailea izan zen. Zortzi disko luze argitaratu ditu bakarka, tartean, Actos inexplicables, La zona sucia eta Oro, salitre y carbón).

Facu Diaz (Musikari, telebistako aurkezlea eta umoregilea da. 2015ean Espainiako Auzitegi Nazionalak terrorismoaren biktimen ohorearen aurkako delitua egotzi zion, La Tuerka saioan aurreko urtean eginiko sketch batengatik. Azkenean artxibatu egin zuten kasua).

Lorena Ruiz-Huerta Garcia de Viedma (Abokatua eta irakaslea da. Asociación Libre de Abogados taldeko eta No Somos Delito plataformako kidea da.

Carlos Bardem (Aktorea, gidoilaria eta idazlea da. Dozenaka film eta telesailetan aritu da, besteak beste, Renko, Assassin's Creed, L.A. Series, Bitter Grapes, Che: Guerrilla, Alatriste, Princesas, Torrente: El brazo tonto de la ley, Perdita Durango eta   Más que amor, frenesí)

Aitor Gabilondo (aktore, telebistako gidoilaria eta abeslaria da. Besteak beste, Allí abajo, Goenkale, Sorginen laratza, Wazemank, Noaoa eta Patria lanetan aritu da).

Oscar Jaenada (Aktorea da. Tartean, La Herencia Valdemar II: La Sombra Prohibida, Pirates of the Caribbean: On Stranger Tides, Buscando a Eimish eta The Godmother filmetan egin du lan).

Alfonso Zapico (Komikigilea da. Besteak beste, La guerre du professeur Bertenev, Café Budapest eta Dublindarrak lanak argitaratu ditu).

Ana Pardo de Vera (Kazetaria da, eta Público hedabide digitalaren zuzendaria. En la maleta de Zapatero liburua argitaratu du).

Justa Montero (Irakaslea eta ekintzaile feminista da).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.