Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako buruek dimisioa aurkeztu dute, txertoa hartzeagatik

Osakidetzak ezarritako protokoloa bete ez, eta COVID-19aren aurkako txertoa jarri dute bi zuzendariek. Maizek barkamena eskatu du, «zerbaitetan akats egin badu».

Basurtuko ospitalea (Bilbo), artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 20a
14:31
Entzun

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Eduardo Maiz Bilboko Basurtu ospitaleko zuzendariak eta Jose Luis Sabas Santa Marina erietxekoak dimisioa eman dute, Osakidetzak ezarritako protokoloa bete ez eta COVID-19aren aurkako txertoa jarri dutelako. Hain zuzen, Osasun Sailak nabarmendu du bi zuzendariei ez zegokiela txertoa jartzea, baizik eta irizpideetan zerrendatutako beste arrisku talde batzuei.

Europa Press agentziaren arabera, berriz, Maizek adierazi du «profesionalki garai gogorrak» bizi izan dituela izurritearen ondorioz, baina osasun arloko langileek «profesionaltasuna» erakutsi dutela, eta horretan jarraituko dutela datozen hilabeteetan ere. Hala ere, «errazak» izango ez direla ere azpimarratu du. Azkenik, barkamena ere eskatu du, «noizbait zerbaitetan akats egin badu».

Gaia, legebiltzarrean

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. Azpimarratu du COVID-19aren aurkako txertoaren hartzaileak zehazten dituzten protokoloak «argiak eta zorrotzak» direla, eta errespetatu egin behar direla, «aitzakiarik gabe». Ez ditu bi zuzendarien dimisioak aipatu, baina erantsi du barne ikerketa bat abiatu zutela atzo bertan, egon zitezkeen protokolo horien «balizko urraketen» berri izan ostean.

Osasun sailburuaren hitzartzearen ostean, alderdiek hartu dute hitza. EH Bilduren arabera, kargudun horiek txertoa jartzeak «alde positiboa» ere badu; agerian uzten baitu txertaketa kanpaina azkartzearen premia. Elkarrekin Podemosek, berriz, adierazi du «erabateko eskandalua eta larria» dela gertakaria, eta «autokritika sendoa» egin beharko litzatekeela. Hain zuzen, txertoaren esperoan, lehen lerroan lanean ari diren milaka osasun langile izan ditu gogoan. EAJk nabarmendu du Osasun Sailak «irmotasunez» jokatzen duela txertaketan akats bat dagoenean. Sozialistek, berriz, ez dute ezer esan.

Sindikatuek ere bai

LAB sindikatuak gertakariak salatu ditu ohar baten bitartez. «Beste behin ere, argi gelditu dira Osakidetzan nagusi diren nepotismoa, diskurtso bikoitza, propaganda merkea eta buruzagitzek izan dezaketen zigorgabetasuna». Sindikatuak ikerketa «inpartzial bat» egitea eskatu du, gertakariak nola gertatu diren jakiteko eta «mota guztietako erantzukizunak» argitzeko. Bi zuzendariek txertoa hartzerako orduan «boterea» erabili dutela uste du. «Geroz eta nabarmenagoa da Osakidetza goitik behera demokratizatzeko eta gure osasun sistema publikoaz eta milaka langileen osasunaz benetan arduratuko diren buruzagitzen hornitzeko premia larria».

ELAren arabera ere, «onartezina» da «beren egoera aprobetxatzen duten zuzendaritzak» egotea, eta hark ere Osasun Sailean gertakariak ikertzeko eskaria egin du. Gainera, txertaketa planari dagokionez, «gardentasun eta informazio falta» salatu du, sindikatuekin negoziatu gabe ezarri dela nabarmenduta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.