Gaur amaitzen da osoko zuzenketak aurkezteko epea, eta EH Bilduk, PP+C's koalizioak eta Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketak jarri dizkiete Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei.
EH Bilduren izenean, Maddalen Iriartek eta Nerea Kortajarenak erregistratu dituzte osoko zuzenketa eta 36 zuzenketa partzial; beste zazpi, berriz, legearen artikulatuaren inguruan aurkeztu dituzte. Zuzenketa partzial horien bitartez, EH Bilduk 429 milioi euroren aldaketak sustatu nahi ditu aurrekontuetan; alegia, Jaurlaritzari igorri zion dokumentuan jasotako planteamenduak dira orain zuzenketa bidez erregistratutakoak: 140 milioi euro jartzea osasun sistema indartzeko, 50 milioi hezkuntza indartzeko, eta 200 milioi pandemiaren eta hark eragindako egoera ekonomikoaren ondorioak gehien nozitzen ari diren sektoreak erreskatatzeko plan bat sortzeko, besteak beste.
Bestalde, ikuskizun zegoen zer egingo zuen ezkerreko koalizioak, eta Jon Hernandez eta Isabel Salud Ezker Anitzako kideek erregistratu dituzte osoko zuzenketa eta 223 partzial, 219 milioi euroko balioa dutenak. Koalizioaren esanetan, «EAJren eta PSEren gobernuak uko egin dio negoziazioan talde honen ustez beharrezkoa den eredu aldaketan aurrera egiteko funtsezko edozein planteamendu politikori ekiteari, krisi larritik ateratzeko eta etorkizunean zailtasun berriei aurre egiteko bermeak eskaintzeko».
Gaineratu dute Elkarrekin Podemos-IU «hasieratik» agertu zela prest Jaurlaritzarekin aurrekontu akordio bat egiteko, «marra gorririk ezarri gabe, pandemiak oraindik ere eragiten dituen osasun, ekonomia eta gizarte arloko ondorio larriak arintzeko». Haatik, uste dute Eusko Jaurlaritzak ez duela sartu nahi izan koalizioaren proposamenaren eduki politikoan: «Zenbait diru sail lauki batetik bestera mugitzera mugatu da, osasun, hezkuntza edo gizarte babesaren arloan zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa alde batera utzita».
Elkarrekin-Podemosekin izan du negoziaziorako atea irekita Jaurlaritzak, baina larunbatean jakinarazi zuten ez zela aurrerabiderik eta Elkarrekin-Podemosek ez zituela babestuko Jaurlaritzaren aurrekontuak. Argitzeko zegoen osoko zuzenketa jarriko zioten, eta, EPko iturriek berri agentziei baieztatu diotenez, gaur aurkeztuko dute eurek ere osoko zuzenketa. Jon Hernandezek BERRIAri emandako elkarrizketan esan duenez, Jaurlaritza ez baitago prest kontuen logika politikoa aldatzeko.
Horrenbestez, gobernua osatzen duten bi alderdien babesarekin, EAJren eta PSE-EEren babesarekin, aterako dira aurrera Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak, oposizioko alderdi guztiek osoko zuzenketa jarriko baitiere.
PP+C's: 813 zuzenketa partzial
PP+Ciudadanos koalizioak ere gaur aurkeztu ditu osoko zuzenketa eta 813 zuzenketa partzial, argudiatuta «alternatiba bat» dagoela Jaurlaritzak osatutako aurrekontuen aurrean. Carmelo Barrio eta Luis Gordillo legebiltzarkideek erregistratu dituzte zuzenketak, eta, ondoren eginiko agerraldi batean, Barriok kritikatu du Jaurlaritzak «negoziaziorik edo topagunerik bilatu gabe» onartuko dituela aurrekontuak.
Barriok txarretsi du zuzenketak aurkezteko epemuga baino «sei egun lehenago» deitu zuela gobernuak oposizioa batzartzera, «ez negoziatzeko, zintzoak ez izateko eta hauek bezain aurrekontu garrantzitsuak negoziatzeko prozesu batean lidergorik ez eramateko asmo argiarekin».
Jaurlaritza: «zereginik eta aukerarik» ez da faltako
Gaiaz galdetuta, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du aurrekontua dela «gobernu batek daukan tresnarik garrantzitsuena bere politikak finkatzeko; gure kasuan, gure esku dauden politikak bultzatzeko». Negoziazioan, Jaurlaritzaren xedea zen «babesa ematen dioten bi alderdiez gain, besteren bat erakartzea», baina hori «ez da posible izan». Hortaz, oposizioko taldeei esan die, «benetan» akordioak lortzeko «borondate zintzoa» badute, legealdian ez dela «zereginik eta aukerarik» faltako «adostasun berrietara heltzeko eta gizartearen beharrei erantzuteko».