Jakinarazi dute nork jasoko dituen aurtengo Tene Mujika sariak. Normalean sari bakarra banatu ohi dute urteroko sariketa horretan, baina aurten bi beka banatuko dituzte Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Helburua Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzea da. Aurten, beka horri esker, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa sorta bat landuko dute, eta Jon Abrilek emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du, eta
Antolatzaileek azaldu dutenez, «aurten proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu ziren», eta horregatik horien guztien artean saria bi lani ex aequo ematea erabaki du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak.
Debako Udalak, berriz, saria bitan banatu ordez, bikoizteko erabakia hartu du: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat. Irabazleek urtebeteko epea izango dute proposatutako lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak.
Irabazleak
Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez lesakarrek amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituzten elkarrizketa sorta bat osatuko dute: «Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi, eta superwoman-en amatasun neoliberaletik urruti, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak: askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak».
Jon Abril kazetari eta kultur dinamizatzaileak, berriz, Euskal Herrian emakumeek izan dituzten lanbideak bildu nahi ditu proeiktuan: meatzariak Gallartan, galletagileak Bilbon, kontserbagileak Ondarroan eta Lodosan, metalurgiakoak Gasteizen, ehungintzakoak Bergaran, zigarrogileak Donostian, paper fabrikakoak Atarrabian, neskameak Lapurdiko kostan, espartingileak Zuberoan... Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian izena du proiektuak.