"Bagenekien ez zela erraza izango, gobernuak gehiengo osoa duelako, eta ezinbesteko abiapuntua da hori, gertatutakoa ulertzeko", modu horretan azaldu du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen bozeramaileak Eusko Jaurlaritzarekin akordio batera ez ailegatu izana. Gaur goizean bildu dira bi aldeak, azken egunetan hirugarren aldiz, eta, proposamen berria aztertu ostean, ez dute hitzarmenik lortu.
Azken zirriborroan 97 milioi euroko inpaktua duten proposamenak egin dizkio Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailburuaren taldeak Elkarrekin Podemosi, biana koalizioak ohartarazi du aurrekontu horiek ez ziotela erantzuten pandemiaren ondorioz sortutako testuinguruari: "Konpromiso politikoa eskatzen zuten hainbat proposamen ez dira ukitu: politika sozialak, erresidentzien publifikazioa, osasungintza sistemari berrikuspena egitea...", nabarmendu du Gorrotxategik, bilera osteko balorazio hitzartzean.
Azpiazuk, berriz, esan du azken bi egunotan arlo hauetan egin dituela proposamenak: osasuna; zaintza; berdintasuna eta genero indarkeria; gizarte babesa eta inklusioa; hezkuntza; etxebizitza; enplegua; eta ingurumena eta energia. 97 milioi euroko kostua zuten. Hortik "harago" joan direla ere azpimarratu du. Horregatik, koalizioak gaitzetsi egin du ez onartzea akordioa: "Ez daukat argi nola kokatu ezezko hori; ez dakit bertigo kontua izango ote den". Gorrotxategik, ordea, ohartarazi du Azpiazuk esan duela gobernuak "ezin" duela eta ez duela "harago joan behar". Hortaz, eten egin da negoziazioa, nahiz eta koalizioa "azkenera arte" saiatuko den akordioa bilatzen.
Datozen urratsak
"Argi dut Euskadik aurrekontu handiak izango dituela, murrizketarik gabe eta austeritatetik urrun", esan du Azpiazuk bilera ostean. Oroitarazi du aritmetikoki beste taldeen beharra ez badute ere akordio zabala bilatzea zela helburua: "Zintzotasunez saiatu gara. Ausardiaz eta intentsitatez. Benetan uste dugulako ohiz kanpoko egoera bat dela hau, eta egoera horri begira egon beharko genukeela. Uste dut lehen urratsa izan daitekeela beste gai batzuetan babesa lortzeko".
Orain, Elkarrekin Podemosek "baloratu" egin behar du osoko zuzenketa aurkeztu ala ez. Hala esan du Gorrotxategik: "Lehen balorazio hau egin ostean, ikusi behar dugu ea osoko zuzenketarik aurkeztuko ote dugun". Bi aldeek nabarmendu dute, aitzitik, "zintzotasunez" jokatu dutela denek negoziaziootan.