SABINO ARANA SARIAK

Remei Sipi, Amaia Gorostiza eta Juan Antonio Urbeltz, Sabino Arana saridun

Jose Barreira eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia ere sarituko dituzte. Urtarrilaren 31n egingo dute sariak emateko ekitaldia, sarean.

Etxeberria eta Zarate, saridunen argazkiekin. SABINO ARANA FUNDAZIOA
jon olano
2021eko urtarrilaren 15a
13:06
Entzun

Remei Sipi idazle eta Afrikako emakumeen aldeko ekintzailea; Jose Barreira, industrialaria; Amaia Gorostiza enpresaburu eta Eibar Kirol Elkarteko presidentea; Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folklorista; eta Bilboko Mediku Zientzien Akademiari emango dizkiete Sabino Arana sariak. Ekitaldia hilaren 31n egingo dute, eguerdian, Sabino Arana fundazioaren egoitzan. Arriaga antzokian egin ohi dute, baina elkartzen den jende kopurua mugatzeko, fundazioaren egoitzan batuko dira, eta streaming bidez eskainiko dute ekitaldia fundazioaren webgunean.

Mireia Zarate Sabino Arana fundazioaren presidenteak eta Ignacio Etxeberria idazkariak aurkeztu dituzte aurtengo edizioan saritutako pertsonak eta erakundeak. Adierazi dutenez, Remei Sipi saritu nahi dute, «feminismo militantearen esparruan eta, zehatzago esanda, Afrikako emakumeen aldeko borrokan diharduen ekintzaile nekaezina» delako. Gaineratu dute E'Waiso Ipola (Emakume, altxa zaitez) emakumeen elkartearen bultzatzaile eta idazkaria dela Sipi; Espainiako Estatuan bizi diren eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden emakume afrikarrak hartzen ditu elakrte horrek.

Jose Barreira, berriz, «ia 40 urtetik Euskadin bizi den galiziar enpresaburua, haren gogo ekintzaileagatik eta Euskadiko hainbat sektoretan (garraioa, siderurgia, logistika, energia berriztagarriak, ostalaritza eta hotelak) enpresa ekimen arrakastatsuak sustatzen eta zuzentzen erakutsi duen gaitasun ezagunagatik» saritu dute: «Kemen ekintzaile hori sustatzeko eta suspertzeko duen berezko talentuari esker, Barreira aise hurbiltzen da euskal gazte askorengana, hitzaldi ugari ematen ditu haientzat, eta ekiteko beldurra bazter uztera gogatzen ditu galiziarrak gure gazteak».

Amaia Gorostiza enpresaburu eta Eibar Kirol Elkarteko presidentea da beste sarituetako bat, «enpresaren arloan zein futbolaren munduan eginiko kudeaketa eredu bikainagatik». Klubak egun duen egoerari erreparatu diote: «Ohore handiz esan dezakegu euskal enpresaburu honen ekimenari esker, Eibar dugula Lehen Mailan gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak dituen Europako hiririk txikiena». Gaineratu dutenez, Gorostizak erakutsi du «berdintasuna lorgarria dela kirol eta enpresa lako esparru maskulinizatuetan ere».

Era berean, Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkloristak ere jasoko du saria, «tradiziozko herri kultura ikertu, aztertu eta zabalduz, berrogeita hamar urtean euskal kulturari egindako ekarpen zabal eta oparoagatik».

Sarituen artean bada erakunde bat ere: Bilboko Mediku Zientzien Akademia: «Lehen mailako erreferente soziosanitarioa da, Bizkaiko gizon-emakumeen osasunaren, ongizatearen eta bizi kalitatearen alde egindako 125 urtetik gorako ibilbide luze eta emankorragatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.