EAJk eta PSE-EEk Manu Lezertua proposatu dute berriro ere arartekoa izateko. Bi alderdiek gaur erregistratu dute proposamena Eusko Legebiltzarrean, eta nabarmendu dute Lezertuaren kudeaketa «Eusko Legebiltzarreko talde guztiek aitortu eta baloratu» dutela 2015ean izendatu zutenetik.
Euskal Autonomia Erkidegoko seigarren arartekoa da Lezertua: 1989-1995 artean Juan San Martin aritu zen; 1995-2000 artean, Xabier Markiegi; 2000-2004 artean, jardunean, Mercedes Agundez; 2004-2015 artean, Iñigo Lamarka; eta Lezertuak Lamarkari hartu zion lekukoa, 2015ean. «EAJren eta PSE-EEren ustez, Lezertuak azken urteotan egindako kudeaketa legebiltzar talde guztiek aintzatetsi eta balioetsi dute, eta, beraz, uste dute haien hautaketak akordio zabala izango duela Eusko Legebiltzarrean».
Bi alderdiek parlamentuan duten gehiengo absolutua ez da nahikoa Arartekoa izendatzeko: hiru bosten aldeko botoak behar dira, 45 legebiltzarkiderenak. Hortaz, oposizioko talderen baten babesa beharko dute proposamenak aurrera egin dezan.
Jeltzaleek eta sozialistek nabarmendu dute Lezertuak (Bilbo, 1957) «ibilbide luzea eta egiaztatua» duela Eusko Jaurlaritzaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren abokatu gisa. Zuzenbideko lizentzia lortu zuen, eta legeetan masterra egin zuen Londresko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionala Eusko Jaurlaritzako abokatu gisa hasi zuen, eta handik Estrasburgora joan zen Giza Eskubideen Europako Auzitegiko eta Auzitegi Konstituzionaleko abokatu gisa lan egitera. Azken urteetan, Ararteko hautatu aurretik, Europako Kontseiluko krimenaren aurkako borrokaren ataleko burua eta aholkulari juridikoa izan zen.