Aitzina doaz EP Elkarrekin Podemos eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioak, baina ez oso erraz: atzo bildu ondotik, akordiorako atea irekita zegoela zirudien, baina itxixeago dirudi orain. Arratsaldean bilera egin dute berriro Eusko Jaurlaritzako Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta EPren ordezkaritzak, eta Jaurlaritzak proposamen bat helarazi dio EPri. 94 milioi euroren aldaketak daude Jaurlaritzak EPri helarazitako dokumentuan, eta Gorrotxategik proposamenaren balorazioa egin du bileraren ondotik, ezkor: «Lehen begirada batean, ez da espero genuen bezalakoa».
EPko bozeramaileak salatu du, hain zuzen, ez dela «inolako konpromiso politikorik» biltzen proposamenean. Ohartarazi du, erraterako, zerga erreformaz, alokairuen prezioaz eta gasaren ustiapenaz ez duela ezer aipatzen: «Gai horiek alde batera utzi dituzte». Defizita igotzeaz eta zorpetzeaz ere ez da proposamenik ageri, eta, EPkoen hitzetan, «pandemiak dakarren gastuari aurre egiteko oinarrizkoak» dira arlo horiek. 94 milioi horietatik 2021ari dagokiona, bertzalde, 87 milioi da —gainontzeko zatia 2022ari legokioke—.
Gorrotxategiren ustez, Jaurlaritza ez zaie «erraz» jartzen ari aurrekontuak babestea. Ez dute oraindik atea erabat itxi, ordea: dokumentua sakon aztertu eta bihar berriro bilduko direla jakinarazi dute, eta asteburuan ere negoziatzeko prestasuna erakutsi dute: «Oraindik badago negoziaziorako tartea, nahiz eta atzo baino urrunago gauden». Talde politikoek astelehenera arteko epea dute aurrekontuei osoko zuzenketak aurkezteko.
EPk atzoko bileran Jaurlaritzari eskatu zion gastu publikoa 392,9 milioi euro handitzeko, eta, hori ordaintzeko, galdegin zion defizit muga handitu zezala: %2,2tik %2,6ra: «Badakigu teknikoki gastu publikoa areagotu daitekeela. Horrek ahalbidetuko luke diru nahikoa izatea guk planteatutako proposamenak aurrera atera ahal izateko».