Patxi Zamorak «oso garrantzitsutzat» jo du Bruselak bere auzian jarrera bat hartzea

Europako Legebiltzarrean EAJko Izaskun Bilbaok egindako galdera bati erantzunez, Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioak zehaztu du poliziek ezin dituztela herritarrei buruz duten informazioa erabili administrazio arloko erabakiak baldintzatzeko.

Patxi Zamora, 2018ko azaroko prentsaurreko batean, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
2021eko urtarrilaren 14a
12:00
Entzun

Patxi Zamorarena ez da kasu bakarra. Hiru hamarkadaz, Iberiako hegazkin zerbitzari gisa lan egin izan du Kontuz! herri plataformako eledunak, eta 2018an, erretiroa hartzeko gutxi falta zitzaiola, aireportuetan sartzeko baimen berezia atzera bota zion Guardia Zibilak. Denborarekin jakin dute arbitrariotasun berarekin jokatu dutela aireportuetan lan egin izan duten beste bi langileren aurka ere: batarekin, alderdi komunistako militante izateagatik, eta bestearekin, errepublikazalea izateagatik.

Haren auzia argitzeko borroka politiko eta juridiko etengabean, ezustea eman du Europako Legebiltzarrak. EAJko Izaskun Bilbaoren galdera bati erantzunez, Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioak zehaztu du ezein estatutako Poliziak ezin dituela bere artxibategiak erabili administrazio arloko erabakiak baldintzatzeko. Era berean, gaineratu du Europako Batasuneko estatukide orok ziurtatu egin behar duela irizpide hori betetzen dela. Azkenik, azaldu du EBko herritar orok eskubidea duela jakiteko poliziak zer informazio duen norberari buruz.

«Adierazpen horrek garrantzia du, ez baita kazetariei mikrofono aurrean egindako adierazpen soil bat. Europako Legebiltzarrean egindako galdera bati emandako erantzun instituzional bat da, eta haren edukia bete beharrekoa da», nabarmendu du Zamorak. Izaskun BIlbaok Bruselan egindako lana eskertu du, haren ondorioz etorri baita erantzuna. Galderak zioen ea guardia zibilak erabiltzen dituen bere artxiboak Zamora eta aireportuko beste langile batzuk kaleratzeko. Reyndersek, erantzunean, ez du ofizialki baiezkorik ematen, baina zeharka aditzera ematen du kasuen berri badutela. Patxi Zamorak horri garrantzi berezia eman dio.

Alta, horrek ez du esan nahi Espainiak berehalakoan egoera aldatuko duela. Europako Batasuneko estatuek neurriak hartzeko ahalmena dute, baina, era berean, EBko arauak bete behar dituzte. Horregatik, Zamorak nabarmendu du erantzun instituzional horrek balio judizial eta politikoa duela. 

Judizialki, erabakia arbitrarioa izan zen tesia indartu dezake. «Agian, ez da sekulako froga, baina balio dezake epaileari ikusarazteko zer arraio gertatu den». Auzitegietan hainbat auzi ireki ziren, baina urteotan itxi egin dira. Dena den, Zamoraren arabera, garrantzitsuena «erabakitzeke» dago oraindik. Auzitegi Goreneko administrazio auziekiko aretoak ebatziko du ea auzia Madrilgo Auzitegi Nagusira itzultzen duen. Auzibide horretan argitu beharko litzateke administrazio arloan Zamorari baimena kentzeko erabaki administratiboa zuzen edo oker hartu zuen Guardia Zibilak.

Politikoki, berriz, Espainiako Kongresuan indar ugari batzeko aukera ikusten du Zamorak. Bere aurrekari politikoengatik halako baimena kendu zaien beste bi herritar egonik, Europako Batzordearen erantzun instituzionalak hauspotu egin dezake Kongresuko hainbat talde ekinbide berean batzeko aukera. Halaber, Europako Arartekora jotzeko asmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.