EAE-ko aurrekontuak

Elkarrekin Podemos-IUk gastu publikoa handitzeko eskatu dio Jaurlaritzari

Miren Gorrotxategik azaldu du dokumentu batean zenbait proposamen egin dizkiotela Jaurlaritzari, eta Azpiazuk horiek aztertzeko konpromisoa azaldu duela. EH Bilduk, berriz, 429 milioi euroko balioa duten neurriak proposatu ditu.

Jaurlaritzako eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariek telematikoki egin dute bilera. IREKIA
jon olano
2021eko urtarrilaren 13a
13:06
Entzun

Eusko Jaurlaritzak gaur amaitu du Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin 2021erako aurrekontuak negoziatzeko egin duen bilera sorta. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariekin batzartu da, modu telematikoan; izan ere, berrogeialdian dago koalizioko talde parlamentario osoa, euren artean COVID-19 kasu positibo bat atzeman dutelako.

Gorrotxategik eman ditu bilera osteko azalpenak. «Oso giro lasai eta onean» egin dute bilkura, eta Elkarrekin Podemos-IUk dokumentu bat helarazi dio sailburuari, aurrekontuetan sartzeko hainbat proposamenekin, eta horiek gauzatu ahal izateko, eskatu dio gastu publikoa areagotzeko: «Badakigu teknikoki gastu publikoa areagotu daitekeela; Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak  %2,2,ko defizita jasotzen du, baina posible da teknikoki %2,6ra igotzea. Horrek ahalbidetuko luke diru nahikoa izatea guk planteatutako proposamenak aurrera atera ahal izateko».

Agiri horretan jasotako proposatutako neurrien inguruan, Gorrotxategik esan du ez dela erabat onartzeko edo baztertzeko testu bat, eta «hitz egiteko aukera» ematen duela: «Gu prest gaude akordioetara iristeko, beti ere balioko dutenak jendearen bizimodua nabarmen hobetzeko». Bileran, Azpiazuk ez du «sakoneko erantzunik» eman; Gorrotxategik azaldu gaur bertan aurkeztu diotela dokumentua sailburuari, eta, beraz, ez duela astirik izan hura aztertzeko. Halere, sailburuak «interesez» aztertuko duela agindu du, eta ahal bezain azkar erantzungo duela.

Neurriei dagokienez, koalizioaren proposamenek eragingo lukete gastua 392,9 milioi eurotan handitzea. Multzo handiena, 152 milioi euro, enplegu eta industria politiketan eginiko proposamenak dira, eta 65,9 milioi, babes sozialeko eta giza eskubideak bermatzeko neurrietara. Gainera, koalizioak beste 55 milioi bideratu nahi ditu osasungintzara; nagusiki, Osakidetzako lehen arretako eta erizaintzako lantaldeak indartzeko, lan baldintzak «duintzeko» eta COVID-19aren txertoa jartzeko baliabideak areagotzeko.

Bihar, bilera

Azpiazuk, berriz, nabarmendu du Gorrotxategik, Hernandezek eta Sotok «maximoetako eta lerro gorririk gabeko» proposamen bat aurkeztu dutela eta Elkarrekin Podemos izan dela Azpiazuren bilera sortara «aurrekontuen inguruan benetako negoziazio batean sartzeko asmoarekin joan den bakarra». Hortaz, konpromisoa hartu du proposamena «patxadaz aztertzeko», eta hurrengo bilera zehaztu dute: bihar bertan izango da, 16:00etan, «balizko topaguneak bilatzeko».

Epeei begiratuta, Azpiazuk berehala eman beharko lioke erantzunen bat Elkarrekin Podemos-IUri, astelehenean amaitzen baita osoko zuzenketak aurkezteko epea. Koalizioak oraindik ez du erabaki osoko zuzenketa bat aurkeztuko duen: «Gobernuak gure proposamenetik onartzen duenaren edo ez duenaren arabera erabakiko dugu». Hain justu, epeekin kexu agertu da Gorrotxategi: «Sailburuari esan diot berandu xamar datorrela bilera, oso denbora gutxirekin gaudela edozein negoziazio egiteko. Uste dugu egoerak eskatzen duela erantzukizun berezia izatea».

Jaurlaritzak ziurtatuta dauka kontuen onespena, EAJren eta PSE-EEren gehiengo absolutuari esker, eta Gorrotxategik azaldu du aldagai hori aipatu jarri duela Azpiazuk berak: «Mahai gainean jarri da numerikoki ez dela beharrezkoa gure adostasuna; kontuan hartu beharreko abiapuntua da, baina baita guk negoziaziorako dugun jarrera ere».

EH Bilduk, 429 milioi

Bestalde, EH Bilduk gaur aurkeztu du aurrekontuetan jaso beharreko neurriei buruzko txosten bat. Azpiazurekin bildu ondorengo agerraldian eginiko balorazioak jasotzen ditu dokumentuak; «ezohiko egoera» izanik, horrek «ezohiko ariketa politiko osoa egiteko parada» eskaintzen dutela aurrekontuek. Horregatik, kontuei «izaera estrategikoa» onartu die.

EH Bilduk 429 milioi euro bideratzea eskatuko luketen proposamenak jaso ditu dokumentuan, hiru ardatzetan banatuta: diru sarrerak handitzea -besteak beste, zerga erreforma «sakon» bat eginda eta COVID-19 tasa bat ezarrita-, zerbitzu publikoak indartzea -osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen sistemak diruztatuta- eta pandemiaren testuinguruan ohiko funtzionamendua mugatua izaten ari diren sektore ekonomikoak erreskatatzeko funts bat osatzea. Hain justu, hori da diru kopuru handiena hartzen duen saila: 200 milioi euro. Osasun sistema indartzera bideratutakoak, berriz, 140 milioi euro hartzen ditu.

Txostena aurkezteko agerraldian, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du «inork» ez lukeela ulertuko, «baliabideak egonda, oinarrizko arloak diren osasuna, hezkuntza eta, oro har, zerbitzu publikoak ez indartzea». Erantsi du datozen hilabeteetan «asko» dagoela jokoan, eta, «ardura politikotik», Jaurlaritzari «elkarrizketa eta akordiorako aukera» eskaini dizkio: «Gure proposamenak errealistak dira, gure ahalmen ekonomikoaren barruan kokatuta daude eta herri honen pertsonen beharrei erantzuten diote».

Azpiazu, ordea, kexu azaldu da indar subiranistaren jokabidearekin; kritikatu du 10:00etan bidali duela txostena, prentsan aurkeztu baino minutu batzuk aurretik: «Oso ezohikoa eta desegokia iruditzen zait EH Bilduk aurrekontuen proiektuaren inguruan bere proposamena luzatzeko modua: prentsaurrekoan, negoziazio mahaian aurkeztu beharrean. Ez dirudi logikoena helburua akordio batera iristea baldin bada».

Lehen bilera sorta amaituta, murriztu egin dira akordiorako aukerak. Atzo, PP+C's koalizioko kideak izan ziren Azpiazurekin bildu zirenak, eta iragarri zuten osoko zuzenketa aurkeztuko dutela. Jaurlaritzak adostasunerako atea itxi zion Voxi ere. EH Bilduk oraingoz ez du iragarri osoko zuzenketarik aurkeztuko ote duen, baina «hankamotz» jo zuen gobernuaren proposamena. Hilaren 29an eztabaidatuko dituzte osoko zuzenketak, eta espero da behin betiko onespena otsailaren 11ko osoko bilkuran ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.