ESPETXE POLITIKA

Garamendik dio espetxeen eskumena eskualdatzeak ez duela presoen irteera azkartuko

Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak dio presoen irteerak «espetxe araudiaren eta egungo legeriaren arabera» gauzatuko direla.

Olatz Garamendi sailburua, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
jon olano
2021eko urtarrilaren 13a
11:36
Entzun

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gertu dute espetxeetako eskumenaren transferentzia. Abenduaren 30ean, Jaurlaritzak jakinarazi zuen bi gobernuek aurrerapausoak egin zituztela eskumen hori eskualdatzeko, eta zirriborro bat adostua zutela. 1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu zuen, urrian, Espainiako Gobernuak, eta proposamen berria igorri zion Eusko Jaurlaritzari. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako itxiko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan.

Eskumen eskualdaketa horrek, ordea, ez du azkartuko euskal espetxeetan dauden presoak kartzelatik irteteko prozesua, hori «espetxe araudiaren eta egungo legeriaren arabera» gauzatuko delako eta eskumen horrek Madrilen esku jarraituko duelako. Hala azaldu du Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.

23 euskal preso daude Besarkada Etxean, Zaballan (Araba), Basaurin (Bizkaia), Martutenen, Aita Mennin (Arrasate, Gipuzkoa) eta Iruñean, eta horien irteerari buruz galdetu diote Garamendiri. Hark gogorarazi du espetxe legeriak estatuaren eskumenen artean egongo dela aurrerantzean ere, eta Jaurlaritzaren egitekoa izango dela «zentroen antolaketa eta espetxe legeria hori gauzatzea».

«Presoen bizimodua antolatu ahal izango dugu, eta preso horien tratamendu politika propioak ezarri ahal izango ditugu; lan munduratzeari, lan heziketari, hezkuntzari eta abarri buruzkoak», erantsi du Garamendik.

42 urte beteko ditu aurten Gernikako Estatutuak, eta oraindik Madrilen esku dauden eskumen ia guztiak transferitzeko negoziazioetan ari dira Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Ildo horretan, Garamendik esan du, «denborak baino gehiago, garrantzitsuena segurtasun osoz aurrera egiten jarraitzea» dela, lehen blokeko ahalik eta eskumenik gehien transferitzeko. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea otsailean dira batzartzekoak, eta sailburuak ziurtzat jo du eskumenen egutegia mahai gainean egongo dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.